argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean hasiko dituzte Mikel Zabalzaren hilketaren 40. urteurreneko ekitaldiak
  • 40 urte beteko dira aurten Espainiako Guardia Zibilak Mikel Zabalza (Orbaitzeta, Nafarroa) Altzako bizilagun eta Donostiako autobus gidaria, atxilotu eta torturapean hil zuenetik, eta, urteurrenaren bueltan, omenaldi berezia egingo diote, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, Dbuseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak antolatuta. Zehazki, hemeretzi eguneko dinamika bat izango da, asteazken honetan (azaroak 26) hasi eta abenduaren 14an bukatuko dena, eta autobus ibiltari bat erdigune izango duena; 1985eko azaroaren 26an desagerrarazi zuen Guardia Zibilak Zabalza, eta abenduaren 15ean agertarazi zuen, Bidasoa ibaian.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2025eko azaroaren 26a
Joan den urteko omenaldia Mikel Zabalzari, Altzan. Joseba Parron / Irutxuloko Hitza

Donostiako omenaldi egitaraua asteazken honetan hasiko da, hilaren 26an, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelaren atarian egingo duten lore eskaintzarekin (11:30). Izan ere, Guardia Zibilak bertan torturatu zuen heriotzara arte Zabalza, eta Donostiako Udalak bertan jarri zuen orbaizetarraren omenezko plaka 2024an, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Zabalza Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortu ostean.

Zabalza autobus gidaria zen Donostian, eta, horregatik, autobus ibiltari batekin ezagutaraziko dute Euskal Herriko hainbat lekutatik Zabalza auzia. Hilaren 26tik 28ra, Donostiako Bulebarrean egongo da autobusa, eta hainbat egunez luzatuko den bidaia abiatuko du ondoren: Aezkoa, Erroibar, Auritz, Agoitz, Iruñea eta Bortziriak bisitatuko ditu, eta Altzan, Zabalzaren auzoan, ere geldialdia egingo du, abenduaren 11n (Larratxoko plazan).

Abenduaren 2an, tortura hizpide duen Arg(h)itzen dokumentala proiektatuko dute Altzako Tomasene Kultur Etxean, baita ondoren solasaldia egin ere. Eta, Tomasenen bertan, abenduaren 9an, Zabalzaren kasuari buruzko mahai ingurua egingo dute Pako Etxeberria mediku forentseak, Iñigo Iruin abokatuak eta Zabalzaren senide batzuek.

Azkenik, abenduaren 14an egingo dute urteurreneko ekitaldi nagusia, Donostiako Bulebarrean, 12:30ean. Aurretik, 11:45ean, Ategorrietatik Bulebarrera martxa antolatu dute. Donostiako eta beste hainbat herritako omenaldi ekitaldien inguruko informazio guztia hemen daukazue.