argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean hasiko da Iraultza Txikien Akanpada, Izarran
  • Goizeko 8:00etan hasiko da egitaraua eta ez da geldituko bost egunez. Hitzaldiak, ekitaldiak, asanbladak eta otorduak antolatu dituzte, besteak beste. Herrian zehar guneen kokapena ezagutzeko mapa argitaratu, eta topalekuan izen emateko deia egin dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 17a
Argitaratu duten mapa / Argazkia: Iraultza Txikien Akanpada

Asteazkenean hasiko da Iraultza Txikien Akanpada, eta bost egun iraungo ditu. Dagoeneko, argitaratu dute Izarran antolatu dituzten guneen mapa, baita egunez eguneko egitaraua ere. Izen emateko deia egin dute, antolakuntza ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

Bost egunetan zentralitatea hartuko dute hitzaldi eta eztabaidek. Ostegun, ostiral eta larunbatean hiru hitzaldi saio egongo dira, goizean bat eta arratsaldean bi. Saio bakoitza hiru hitzaldik osatuko dute; tartean, zaintza komunitario feminista, nork zelatatzen du Polizia, trantsizio ekosozialaren erronkak, lodifobia eta desobedientzia eta ekintza zuzena deiturikoak.