argia.eus
INPRIMATU
Herriko Etxeetako eta Euskal Elkargoko bozak
Asteartean erabakiko dute hauteskundeen bigarren itzulia mantendu ala ez
  • Frantziako Gobernuak herrietako hauteskundeen lehen itzulia atxikitzea erabaki bazuen ere, baliteke bigarrenik ez izatea martxoaren 22an. Orduz ordu hedatuz doan koronabirusaren epidemiaren kontra hartu beharreko neurrien artean lirateke bozketen ezeztatzea.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 15
Asteartean jakinen da hauteskundeetarako bigarren itzulia mantentzen den ala ez. Hori horrela, legeari segi, bigarren itzuliaren ezeztatzeak lehen itzuliko emaitzen balio gabetzea ekarriko luke. Hauteskundeen Legediako L.56 artikuluari segi, "hauteskundeen bi itzuliak konektatuak izan behar" direlako. Hala ere, lehen itzuliko emaitzak kontutan hartzeko bide bakarra dute: Hori bideratzeko lege berri bat bozkatzea aste honetan Frantziako Parlamentuak.

Lehen itzulian bozkatzera joateko deia zabaldu baldin bazuen ere Frantziako Gobernuak, herritar andana batek ez du deiari erantzun. Abstentzio tasa historikoa izan da gaurkoa: 2014koari alderaturik, hogei puntuz apaldu da parte hartzea. %56 izan da lehen itzuliko parte hartzea, hots, sekulan izan ez den apalenetakoa. Testuinguru berezi batean egin dira bozketak: birusaren hedapena mugatzeko hainbat neurri zorrotz harturik ditu Frantziako Gobernuak, besteak beste, ikastetxeen zein toki publikoen (jatetxe, taberna, zinema gela,...) hestea. Hori dela eta, askok "arduragabekeriaz" jo dute lehen itzuliaren mantentze erabakia.