Hitzarmen berriaren inguruko urtebeteko negoziazioa ematen ari den arazoez eztabaidatuko dute. Nazioarteko Futbolari Profesionalen Federakuntzak emakume futbolariek dituzten lan baldintza eskasak salatu ditu.
Espainiako emakumezkoen lehen mailako Kluben Elkartea (ACFF) eta Futbolarien Elkarteak (AFE) izandako negoziazioen haustura medio, David Aganzo AFEko presidenteak oraindik ezezaguna den leku batean –Madrilen izango dela ziurra da– elkartuko ditu lehen mailako talde bakoitzeko kapitainak. Batzar horretan, jokalariek aurrera begira estrategia berria diseinatuko dute.
Eztabaidaren mamia kontratu motan dago. Jokalariek %75eko lanaldietatik gorako kontratuak eskatzen dituzte, baina taldeek lanaldi hori erdia (%50) izatea bilatzen dute. Desadostasun horren aurrean, jokalariek bi aukera dituzte, asteartean mahia gainean jarriko direnak: beste batzar bat gehiago egin, eta ondo joan daitekeen itxaropena eduki; ala zuzenean greba egin.
Neska futbolarien profesionalizazioa
Bien bitartean, Nazioarteko Futbolari Profesionalen Federazioak (FIFPro) txosten bat argitaratu du, emakumeak futbolean ematen ari diren profesionalizazio prozesuaren inguruan. Bide horretan aurrera egitea asko kostatzen ari da, datuek adierazten dutenagatik: jokalarien erdia baino gehiagok ez du kontraturik, eta %42ak ez du ezta soldatarik jasotzen ere. Horrez gain, hamar jokalaritik bik soldata jasotzean atzerapenak izan dituztela esan dute.