Hegoaldean asteartean 4 heriotza gehiago kontabilizatu dira, 3 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 1 Nafarroan. Iparraldetik heriotza gehiagoren berririk zabaldu ez denez, Euskal Herria bere osotasunean iritsi da COVID-19agatik 2.107 hildako edukitzera, milioiko 664 heriotza. Euskaldunok estatu independentea bageneuka, une honetan munduko hirugarren herrialde kaltetuena ginateke, San Marino eta Belgikaren ostean.
Eusko Jaurlaritzak zabaldu dutenez, asteartean Euskadiko Autonomia Erkidegoan 3 pertsona gehiago hil dira koronabirusez. Nafarroako Gobernuak arratsaldean jakinarazi du pertsona bat hil dela lurralde honetan. Iparraldean aspaldian ez da inor gehiago hil. Denetara, Euskal Herrian ekainaren 10a arte 2.107 pertsona hil ditu COVID-19ak, 1.581 EAEn, 516 Nafarroan eta 10 Iparraldean.
Euskal herritarrok azken estatistiken arabera 3,17 milioi biztanle garenez, gure arteko hilkortasun tasa da milioi 1 biztanleko 664. Euskal Herria independentea balitz, munduko herrialdeen artean milioiko heriotza gehien eduki dituztenen zerrenda honela osatuko litzateke: 1. San Marino 1.238, 2. Belgika 830, 3. Euskal Herria 664, 4. Andorra 660, 5. Erresuma Batua 602, 6. Espainia 580, 7. Italia 563, 8. Suedia 467, 9. Frantzia 449. 10 Herbehereak 352...
Eusko Jaurlaritzak EAE osoko datuak bai baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hildakoen kopururik ez du ematen maiatzaren 14tik eta gaur ere informazio hau ez du erakutsi.
(Albiste hau 17:45ean editatu da)