argia.eus
INPRIMATU
Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan
  • Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko apirilaren 11
Israelgo tanke bat Golan Garaietan, eta fondoan Hermon mendia. Israelgo Armada

Turista israeldarrak armadak babestutako autobus blindatuetan abiatuko dira eta iragan abenduan Israelek Siriako hegoaldean okupatutako lurralde berrietaraino iritsiko dira. Israelek 1967tik ditu okupatuak Golan Garaiak, legez kanpo eta NBEren arbuioarekin.

Abenduan Siriako Baxar al-Assaden gobernua erori zenean, Israelek baliatu zuen egoera Golan Garaian 2,5 kilometro gehiago sartzeko Siriarantz eta ehunka kilometro koadro gehiago inbaditzeko. Ibilaldi turistikoak Hermon mendia hartzen du, gune sakratua juduentzat, haien sinesmenean Abrahamek han egin baitzuen ituna Jainkoarekin.

Handik Damasko eta Libanoko Shebaa etxaldeak kontrolatzen dira; Libanok eta Siriak lehia historikoa dute azken etxaldeak hartzen dituen lurralde eremuaz jabetzeko. Hala ere, gaur egun Israelek kontrolatzen duen lurraldea da, eta azken urteetan Hezbollah eta Israelgo Armadaren arteko enfrentamenduen zio izan da.

Paraje eder horietan txangoak egiteaz gain, turistak Ruqqad ibaian igeri egin ahal izango dute; edo inperio otomandarraren garaian Istanbul eta Haifa, Nablus edo Saudi Arabiako beste hainbat gure sakratu konektatzen zituen Hiyaz trenbidearen zatiak ikusi ahalko dituzte.

Hainbat erakunderen artean antolatu dituzten bidaia turistikoak: Israelgo Armadako 210 Dibisioa, Golaneko kontseilu erregionala, Golaneko Landaguneko Eskola ekologista eta Israelgo Natura eta Parke Agintaritza. Berez, bidaiok Itzuli seguru Iparrera ekimen zabalagoaren parte dira. Horrelako ekimen ugari daude Israelen, guztiak Israel Handia helburu hartuta, Uri Tzafon mugimendua moduan, adibidez

Israelgo Armadak argi azaltzen du haien helburua zein den: “Guretzat garrantzitsua da eremu honetan gure ondarea berreskuratzea, turismoa sustatzea, eta gerra garaian izan ditugun guduak kontatzea”.

Armadaren esanetan, txangoak Israelen egiten dira, nahiz eta nazioarteko legediaren arabera Siriako lurraldean egiten diren, Golan Garaiak eta Siriako gainerako lurraldea banatzeko NBEk kontrolatutako lurraldean hain zuzen ere. Besteak beste, The Guardian-en irakur daiteke honen berri ematen duen albistea.

Golan Garaia, lurralde aberatsa Israelentzat

Gaur egun Golan Garaietako bi herenak daude Israelen Menpe, 1967ko Sei Egunetako gerran lurraldeak okupatu ondoren. Orduan, Israelek 140.000 siriar kanporatu zituen euren etxe eta lurretatik, eta 341 herri suntsitu zituen. Gaur egun, 45.000 biztanle siriar bizi dira han eta 25.000 israeldar kolono, 30 bat kokagunetan.

Mugimendu sionistak eta egungo Israelgo Gobernuak Golan Garaiak Israel Handiaren zatitzat jotzen dute, eta okupatu zutenetik baliatzen ari dira hango baliabide aberatsak, nagusiki ura. Israelgo ur baliabideen herena eremu menditsu horretatik dator gaur egun. Horrez gain, bertan proiektu eoliko erraldoia bideratzen ari da Benjamin Netanyahuren gobernua.

Baxar al-Assaden erorketaren ondoren, Israelek baliatu du egoera Siriako Armadaren arma biltegiak eta beste gune estrategiko batzuk gogor kolpatzeko. Horrela, batetik, moztu ditu Irandik Libanora armak eta bestelako hornidurak bidaltzeko baliatzen ziren ibilbideak; eta bestetik, irekita utzi du etorkizunean Iranera errazago iristeko korridore zabala. AEBek eta Israelek ez dute ezkutatzen Iran aspaldi dagoela haien jo puntuan, eta orain Siriatik eta Iranerako korridore zabal libre izanda, balizko erasoa erraztuko lieke.