argia.eus
INPRIMATU
Piratek salatu dute jaiak antolatzeagatik 14.000 euro kobratu nahi dizkiela Jaurlaritzak
  • Donostiako Piratek prentsaurrekoa egin dute, Aste Nagusia hasteko egun gutxiren faltan. Salatu dute Eusko Jaurlaritzak iaz Aste Nagusi Pirata egiteagatik 21.500 euro kobratu zizkiela eta aurten beren kalkuluen arabera beste 14.300 izango direla. "Herri mugimendu batentzat onartezinak" dira tasa hauek beren ustez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko abuztuaren 08a
Prentsaurrekoa eskaini dute Donostiako Piratek asteartean. (Arg: Donostiako Piratak)

Donostiako Piratek prentsaurrean jakinarazi dute ez dutela adostasunik lortu Eusko Jaurlaritzarekin, nahiz eta hedabide batzuek hori argitaratu. "Jaurlaritzaren izenean jaso genuen azken mezuak esaten zuen hitz egin beharreko guztia hitz eginda zegoela, ez zutela beste bilera bat egiteko beharrik ikusten".

Iaz Aste Nagusi Pirata antolatzeagatik Eusko Jaurlaritzak 21.500 euro kobratu zizkiela salatu dute, eta aurten, kopurua murriztea lortu arren, "herri mugimendu batek ordaindu behar izateko kopuru beldurgarria" ordainaraziko dietela kalkulatu dute: beste 14.300 euro.

"Ez gara poltsikoak betetzeko asmoz edozer gauza antolatzen duen enpresa bat: Donostiako Piratak gara, herria gara, milaka pertsona gara. Bestelako jai eredu batean sinesten degu, auzolanean sinesten degu. Benetako auzolanean. Eta ez lelo batean agertzen den auzolanean. “Euskadi, auzolana”. Ezaguna egiten zaizue?", bota dute haserre.

Jai herrikoiak antolatzen dituen mugimendu batek ez lukeela halako tasarik ordaindu beharko uste dute, eta administrazioak erraztasunak eman behar lizkiekela, "ez tasa izugarriak eta burokrazia itogarria".

"Urtero oztopoak besterik ez ditugu jasotzen administrazioaren aldetik: berandu iristen diren baimenak, herri mugimendu batentzat onartezinak diren tasak... Nahikoa da. Honek ezin du honela jarraitu. Guztiona den gune bat erabiltzeagatik ordainarazten dizkiguten tasak arrastaka eramaten ditugu urtetik urtera. Aurten ordaindu beharko duguna ere zaku horretan sartu beharko dugu. Eta honela, urteak joan eta urteak etorri. Honek amaitu behar du", adierazi dute.

"Oztopo hauek helburu argia dute: Piratak, herritarrak, kaletik eta kaitik kanpo nahi gaituzte. Batzuk nahiago dute piratarik eta herritarrik gabeko kaia, diru-gosea duten enpresen mesedetara egongo den kaia. Donostiako Piratok oso argi dugu: Ahal den moduan, edozein modutara, Piratok kalean jarraituko dugu, kaian jarraituko dugu. Donostiak eta donostiarrok merezi ditugun jaiak eraikitzen jarraituko dugu, Dono$tia abordatzen jarraituko dugu!".

Jakinarazi dute festarako eta lanerako prest daudela, eta larunbat honetan hasiko den bederatzi eguneko egitaraua prestatu dutela"Mundu guztiari gonbidapena luzatu nahi diogu, etor daitezela Aste Nagusi Piratara, izan daitezela jai erraldoi honen parte. Gauzak aldatzera goaz, eta entzungo gaituzte", amaitu dute.