argia.eus
INPRIMATU
Aste Nagusian “gutxienez” zortzi eraso eman direla adierazi dute Bilboko Konpartsek
  • Erregistratutako eraso sexisten salaketak lau izan arren, beste horrenbeste eman direla jakinarazi dute. Salatzen ez diren erasoak kontuan hartuta, kopuruak askoz handiagoa behar duela izan azpimarratu dute.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 28a
Jaietan emandako eraso sexisten kontrako mobilizazioa, Bilbon (Argazkia: Bilboko Konpartsak)

Astelehenean emandako prentsaurrekoan, jaietan jasotako erasoen aurrean egindako irakurketetan azpimarratutakoa berriz nabarmendu dute Bilboko Konpartsek: salatutako erasoez gain, beste hainbat eraso ematen direla. Iñigo Fernandez de Martikorena bozeramailearen hitzetan, “ez poliziari, ez familiari, ez konpartsei helarazten ez zaizkien beste (eraso) asko ematen direla kontuan izan behar dugu, beraz ezagutzen ditugunak baino askoz gehiago direla pentsatu behar dugu beti”.

Euren esku-hartze protokoloa erasoa jasan duen pertsonarekin eta testigu posibleekin kontaktatzen ahalegindu eta heldu zaien informazioa ziurtatzean oinarritzen dela azaldu dute Konpartsek. Eraso duten norbanakoarekin egotea daukate finkatuta lehentasun moduan, erasoaren aurrean “egin nahi duena alde batera”. “Emakumea libre da nahi badu salatzeko, edo ez salatzeko, eta bide horretan beti erakutsiko diogu gure babesik beroena”, adierazi du Fernandez de Martikorenak.

Eraso matxista gehiago azken egunetan

Bilboko Aste Nagusian jasotako erasoez aparte, gehiago ere erregistratu dira azken egunotan. Gasteizen, asteburuan zehar, bikotekidea jotzeagatik 35 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Udaltzaingoak. Datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku erasotzaile biak.

Aranbizkarrako auzoan atxilotu zuten bata, ostiralean. Erasotako emakumeak jarri zuen salaketa komisaldegian, etxean zeudela bikotekideak jo, mehatxatu eta lurrean arrastaka eraman zuela azalduz. Emakumea ospitalera eraman eta erasotzailea etxean atxilotu zuten.

Bigarren erasoa igande goizean jazo zen. Udaltzaingoak dei bat jaso zuen kalean ematen ari zen “eztabaida gogor bat” salatuz. Deiak zehaztutakoaren arabera, gizonezko batek emakumezko bat arrastaka eraman zuen taberna baten barrualderaino. Polizia agenteak bertaratu eta gizonezkoa atxilotu zuten. Emakumeak zauriak zituen besoetan, belaunetan eta aurpegian.

Bestetik, Nafarroako Foruzaingoak 20 urteko gizonezko bat atxilotu du Iruñerrian, kiroldegi bateko aldageletan emakumezko bat mugikorraz grabatzearren. Emakumeak, gertatutakoaz ohartzean, laguntza eske garrasi egin zuen eta bigarren emakumezko bat gerturatu zen. Bien artean erasotzailea atxiki zuten, eta kiroldegiko langileek identifikatu zuten. Erasotako emakumeak salaketa jarri zuen. Foruzaingoak segurtasun sistemak gordetako irudiak errepasatu eta testigu zein erasotzailearen adierazpenak jaso ostean, gizonezkoa atxilotu eta Iruñeko 4. Instrukzio-epaitegiaren esku utzi dute.