Aste Nagusi Pirata aurkeztu dute, begirada espazio publikoaren erabileran jarrita

  • Donostiako Piratek abuztuaren 13tik 21era ospatuko duten Aste Nagusia aurkeztu dute. Egitarau oparoa prestatu dute eta “Gora Kai Herrikoiak” lemapean, espazio publikoaren erabilera librea aldarrikatuko dute.


2016ko uztailaren 28an - 16:44
Kofradietako ordezkariek beren kartelak aurkeztu dituzte. (Argazkia: Donostiako Piratak)

Azken urteetan bezala, Aste Nagusi Pirataren egitaraua hiriko hainbat gunetan antolatzeaz gain, kaian jarri nahi dute arreta, aurreko urteetan berau erabiltzeko izan dituzten zailtasunak eta kirol portua egiten ari direla ikusita. “Herritarrok hiria erabili dezagun gauzak antolatzeko, eskaintzeko, biltzeko, hizketarako, jolaserako eta festarako. Kaia donostiarrona da”, adierazi dute. Horrez gain, Udalarekin ordutegiak negoziatzen ari direla adierazi dute.

Hainbat gai nabarmendu dute prentsaurrekoan. Sexu erasorik ez dutela onartuko izan da bat. Horien aurkako protokoloa daukatela eta erasoen berri emateko telefono bat jarriko dutela.

Jasangarritasunaren bidean ere urratsak ematen jarraitzen dutela adierazi dute. Txoznan bertako garagardoaren alde egiten duten apostua urtez urte indartzen doalako pozik agertu dira, eta beste hainbat neurriren artean, aurten ere abordatze eguneko herri bazkaria osoki bertako nekazarien produktuekin egina izango dela jakinarazi dute. Txartela erosi beharko da, eta datozen egunetan jarriko dituzte salgai.

Espazio publikoa "jokoan"

Aste Nagusia berotzeko, aurreko larunbatean, Bertsopiropoteoa egingo dute Alde Zaharrean. "Espazio pubikoa herritarrona dela aldarrikatuko dugu, kalean eraldatzen baitugu Piratok jendartea, eta sinestuta gaude kaleak ere aldatzen gaituela gu. Badakigu zer dagoen jokoan, eta gure hiriko alkateak ere badaki, horregatik azaldu digu herritarroi espazio publikoa okupatu nahi badugu, eskatu egin behar diogula". Kalerik kale ibiliko dira bertsotan eta poteoan Miren Amuriza eta Onintza Enbeitarekin.

"Kalea, jaia eta gaua gureak dira: baztertuonak, erasotuonak, "bestea" ordezkatzen dugunonak, emakumeonak. Eta adieraziko dugu, umore eta ironiaren bidez oraingoan, ez dugula tokia noiz egingo diguten zain geratzeko asmorik. Gure tokia hartzera gatoz!".

Abordatzea astelehenean

Hitzordu nagusia urtero bezala hiriaren abordatzea izango da, abuztuaren 15ean astelehena. Izen emateko epea datozen egunetan irekiko dutela jakinarazi dute, eta abuztuaren 8a baino lehen egin beharko da. Motxila 21 talde nafarraren doinuek kaia girotuko dute 15:00etatik aurrera. 17:00etan izango da abordatzea. Uretako segurtasunaz arduratzen diren dozenaka bolondres eta urpekari ariko dira, Gurutze Gorria, DYA eta suhiltzaileekin elkarlanean.

Horrez gain, adin guztietako publikoan pentsatuta, egunero hainbat ekimen antolatuko dute: Jolasak, dantzaldiak, kontzertuak, otorduak, poteoak, antzerkia eta beste.

Flamenkan kontzertuak gauero

Flamenkako musika egitaraua.

Aurreko astean publiko egin zuten musika egitaraua. kaiko bigarren guneko, Nautikoko eta Trinitate plazako kontzertuen berri laster emango dutela. ARGIAko lotura honetan talde bakoitzaren bideo bat ikus daiteke. Oraingoz hauek dira agertoki handian izango diren eta baieztatuta dauden kontzertuak:

Abuztuak 13, larunbata: 23:05an Trikidantz

Abuztuak 14, igandea: 23:30an Gatibu

Abuztuak 15, astelehena: 15:00an, Abordatzea baino lehenago, Motxila 21; 20:00an Itaca Band; 23:05etik aurrera, El hijo de la Marily eta El nieto de la paparda eta ondoren Las Tea Party

Abuztuak  16, asteartea: 23:05etik aurrera, Lauroba, Joseba B Lenoir Gang eta Adrenalized

Abuztuak 17, asteazkena: 23:30an Glaukoma ta Bad Sound

Abuztuak 18, osteguna: 23:05ean Liher eta Willis Drummond

Abuztuak 19, ostirala: 23:05ean Fanfare Ciocarlia eta Tremenda Jauria

Abuztuak 20, larunbata: 23:05ean Arkada Social eta Non Servium

Bederatzi kofradia eta hainbat lantalde arduratu dira egitaraua prestatzeaz. Hauek dira prentsa oharrean kofradia bakoitzak bere egitarautik nabarmendu dituen ekimenak:

Aingura

Aingura kofradiak aurtengo Aste Nagusian bi ekimen nabarmendu nahi ditu bereziki: Libertalia eta kofradiako bazkaria. Lehenengoari dagokionez, gainontzeko kofradietara eta herri mugimenduetara ireki da ekimena, euren tailer zein hitzaldiek Aste Nagusian espazio bat izan dezaten. Aipatzekoak dira Madrileko titiriteroekin egingo den ekimena, Etxerat elkarteak proposaturikoa eta Pirata Bihurrien “umeak eta hiria” deritzona. Kofradiako bazkariari dagokionez, Aingurak adierazi nahi du aurten bere izaera herrikoia indartu duela. Alde batetik, aurreko urtetan bezala, ekologikoak eta bertakoak diren produktuekin egingo da eta bestetik, zeliakoentzat aukera egongo da eta guztiz beganoa izango da.

Pirata Bihurriak

Donostiako haurrak eta familiak ere Donostiako Piratak direlako, aurten ere egitarau potoloa dakarkigu bihurriok: ekintza berriak eta nola ez abordatze txikia. Erne kartel eta sare sozialei!

Eskandalosa

Eskandalosa aurten sortutako kofradia da, gogoz eta ilusioz gabiltza Aste Nagusi Piratari are kolore gehiago emateko. Auzo, adin eta esparru desberdinetako lagunek osatzen dugu kofradia eta “eskandalosa” hitzak itsasontzi batzuek duten bela bati erreferentzia egiten badio ere, guk Donostia eskandalizatu nahi dugu. Horretarako bi jarduera prestatu ditugu aurten: igande arratsaldean ur jolasak izango ditugu, lehen gaueko ajearen ondoren esnatzeko, Saguesen. Asteazken arratsaldean Eskandalizatu! Jarduera izango dugu, sorpresaz beterik, aurreiritziak eta muga pertsonalak hautsi eta identitateak askatzeko. Zuek ere eskandalizatu nahi baduzue, animatu gurekin etortzera!

Eskifaia

Urtero bezalaxe, gazte ezkonformisten kolorez bete nahi dugu Donostiako herritar guztiona den kaia. Besteak beste, Zirku tailerra, jolasak eta Aldrebes Eguna egingo ditugu, eta, aurten lehenengo aldiz, Euskal Herriko hainbat herritako jai herrikoiekin harremanak sendotzeko aukera izango dugu asteartean. Haiekin bazkaldu eta jolasak egingo ditugu, parrandaz elkarrekin gozatzeko, eta bide batez, besteek ere gure jaiak barrutik ezagutu ditzaten.

Kalepoza

Kirolarekin erlazio zuzena duela kalepozak, Ekintza partehartzaileak eta umoretsuak ditugula gustoko eta hori bultzatzen degula!

Sardiñerak

Sardiñerria izango da aurten ere Sardiñeron kuttuna. Festa bizi izan duenak badaki: astearte gauean Guardetxean sortzen den giroa ez da beste inon topatzen. Mozorrotzea gustatzen zaigu,egunero janzten ditugun maskarak kendu, eta garen bezalakoak izateko, aurreiritzi eta mugarik gabe, aske.Aurten Kobanek eta DJ Miauk girotuko dute festa. Eta ilusio handia egiten digu: batetik, donostiarrez eta emakumez osatutako taldeak direlako biak; eta bestetik, hastapenetan dauden arren, badakigulako nahi duten eszenatoki guztiak zapalduko dituztela. Uste dugu aurkikuntza handia izango direla askorentzat.

Traganarrua

Eztanda koloretsu honetan, Aste Nagusi pirata kaiaz gain, hiriko periferian ere ospatzea dugu helburu. Hargatik, piraten mugimendua itsasotik mendira igo nahi dugu, hau da, auzoetan alaitasun eta balore berdinak hedatu. Honen islada, besteren artean, Intxaurrondoko Estankea Abordatu eguna izango da. Abuztuak 14ean, ongietorriak zarete, merkantilismo eta desarrollismoak itzalita utzi nahi dituen auzoan irri eta aldarrikapen piratez ozen gozatzera.

Xibaro

Aurten Xibarook enkarteladari eman nahi diogu garrantzia. Ostiralak 19, arratsaldeko 20:00tan, La Flamenkatik abiatuko gara Donostian preso ditugun lagun guztiekin pirataz jantzita. 21:00tan La Flamenkara bueltatuko gara berriro eta bertan piratok presoen senideei vals-a dantzatzera gonbidapena luzatuko diegu gurekin batera.

Jaraneroak

Kofradia jaio berria garen arren, sekulako gogoz eta indarrez gatoz Donostia abordatzera! Donostia tropikalizatzeko asmotan gatoz gainera, eta honetarako MojitEro festa antolatuko dugu. Mundu guztia gonbidatuta dago gure mojitoak probatzera, Donostia turistero burgesean sekulako jai herrikoia ezagutuko dute!

Ubarroiak

Ubarroiek, Groseko pirata guztiekin batera auzoko kaleak geureganatu eta auzoa Jai Herrikoien kaia bihurtuko dugu. Bandera pirata mastan gora da Grosen!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jai herrikoiak
Apirilaren 28an ospatuko da Nafarroaren Eguna

Egun handiaz gain, kultur egitarau zabala antolatu du Basaizea Elkarteak hilabete osorako.


Diego Yllanesi ukatu egin diote haren inguruko albisteak ezabatzea

Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.

 


Ehun bat eragilek Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzea defendatu dute

"Mugimendu Sozialista gure herriaren errealitate politiko eta sozialaren parte da, eta ideologia baztertzailerik ez duen beste edozein eragilek bezala, espazio zabaletan eta jai herrikoien antolaketan parte hartzeko eskubidea dauka", adierazi dute oharrean. Makina bat... [+]


2024-02-14 | ARGIA
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
"Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera"

Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da... [+]


Eguneraketa berriak daude