Enpresa-batzordeak uztailaren 15erako ezarrita dagoen epea luzatzeko eskatu du. Ostiral hori baino lehen erabaki behar dute 350 langilek Asturiasko fabrikara lekualdatuko diren edo borondatezko baja eskatuko duten.
Astelehen honetan du bilera Zumarragako Arcelor Mittal fabrikako enpresa-batzordeak zuzendaritzarekin. Bertan eskatuko du epea luzatzeko, langileek erabakia hartzeko denbora gehiago izan dezaten.
Zuzendaritzak ekainaren 9an hasi ziren negoziazioak bukatutzat jotzen dituela adierazi du. Ikusteke dago beraz, epea luzatuko duen ala ez. Zumarragako Arcelor-en itxiera errealitate bihurtzeko bidean da, eta ez dago berriro fabrika martxan jartzeko aukerarik, Sestaoko ACB enpresaren kasuan bezala.
Dozenaka langile izan ziren Zumarragan egindako prentsaurrekoan uztailaren 10ean. Batzordeko presidente den Leo Bote (CCOO) eta komisioko LABeko ordezkari Aitzol Carajavillek enpresak izan duen jarrera salatu dute, haien esanetan “galarazi” egin baitu beste irtenbideren bat bilatzea.
Botek azaldu du ezinezkoa dela “alternatibak bilatzeari ezetz esatea” eta bitartean “jarduera mantentzeko ahal den guztia egin dela” baieztatzea. Salatu du “Arcelor Mittalen egiazko asmoa ekoizpena Zumarragatik kanpora ateratzea” dela, eta horrela “enpresa utzi nahi duten langileekin egindako akordioa xantaia lazgarri bihurtu du”.
Epea luzatzeko eskatu du Botek, “hain erabaki garrantzitsua ezin baita hain epe laburrean hartu”.
Jaurlaritzari kritika
Enpresa-batzordeak EAEko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiari leporatu dio langileak “bakarrik” utzi izana. “Multinazional baten bidegabekerien aurrean Gobernuak legalki jarduteko aukerarik ez badu, legedia aldatu beharko litzateke, baina ez dugu onartzen EAEko Gobernuak hori argudiotzat izatea”, gaineratu du Botek.
Batzordeko presidenteak gogorarazi du uztailaren 5ean enpresa-batzordeak eta zuzendaritzak izandako bileran 21 langileren aurre-erretiro edo erretiro partzialaren baldintzak hitzartu zituztela, 1955-1959 urteetan jaiotakoentzat.