Aste erabakigarria Zumarragako Arcelorreko langileentzat

  • Enpresa-batzordeak uztailaren 15erako ezarrita dagoen epea luzatzeko eskatu du. Ostiral hori baino lehen erabaki behar dute 350 langilek Asturiasko fabrikara lekualdatuko diren edo borondatezko baja eskatuko duten.


2016ko uztailaren 11n - 10:12
Apirilaren 20ko manifestazioa, Zumarraga-Urretxun. (Argazkia: Jon Torner)

Astelehen honetan du bilera Zumarragako Arcelor Mittal fabrikako enpresa-batzordeak zuzendaritzarekin. Bertan eskatuko du epea luzatzeko, langileek erabakia hartzeko denbora gehiago izan dezaten.

Zuzendaritzak ekainaren 9an hasi ziren negoziazioak bukatutzat jotzen dituela adierazi du. Ikusteke dago beraz, epea luzatuko duen ala ez. Zumarragako Arcelor-en itxiera errealitate bihurtzeko bidean da, eta ez dago berriro fabrika martxan jartzeko aukerarik, Sestaoko ACB enpresaren kasuan bezala.

Dozenaka langile izan ziren Zumarragan egindako prentsaurrekoan uztailaren 10ean. Batzordeko presidente den Leo Bote (CCOO) eta komisioko LABeko ordezkari Aitzol Carajavillek enpresak izan duen jarrera salatu dute, haien esanetan “galarazi” egin baitu beste irtenbideren bat bilatzea.

 Botek azaldu du ezinezkoa dela “alternatibak bilatzeari ezetz esatea” eta bitartean “jarduera mantentzeko ahal den guztia egin dela” baieztatzea. Salatu du “Arcelor Mittalen egiazko asmoa ekoizpena Zumarragatik kanpora ateratzea” dela, eta horrela “enpresa utzi nahi duten langileekin egindako akordioa xantaia lazgarri bihurtu du”.

Epea luzatzeko eskatu du Botek, “hain erabaki garrantzitsua ezin baita hain epe laburrean hartu”.

Jaurlaritzari kritika

Enpresa-batzordeak EAEko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiari leporatu dio langileak “bakarrik” utzi izana. “Multinazional baten bidegabekerien aurrean Gobernuak legalki jarduteko aukerarik ez badu, legedia aldatu beharko litzateke, baina ez dugu onartzen EAEko Gobernuak hori argudiotzat izatea”, gaineratu du Botek.

Batzordeko presidenteak gogorarazi du uztailaren 5ean enpresa-batzordeak eta zuzendaritzak izandako bileran 21 langileren aurre-erretiro edo erretiro partzialaren baldintzak hitzartu zituztela, 1955-1959 urteetan jaiotakoentzat.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Eguneraketa berriak daude