"Baiko Pilotako kideak greba eskubidea baliatzen ari diren bitartean, ez dugu Baiko Pilota enpresak antolatutako partidetan jokatuko; greba egiten ari ez diren enpresa horretako pilotariek jokatu beharko dute", adierazi dute Aspeko pilotariek.
Aspeko pilotariek azaldu dute, "zoritxarrez", azken aste honetako bat-bateko jaialdiak eta denbora faltak, larunbatean Gernikan izango diren partidak jokatzera behartzen dituela. "Jokatu ezean, bertan izango diren pilotariek ondorio larriak izan ditzakete euren kontratu legalekin, baita Aspek EITBrekin ere". Finala bi enpresek antolatzen dute.
Baiko enpresak, ikusita pilotari gehienek bat egin dutela grebarekin, Gernikako jaialdiko kartela Aspeko sei pilotarirekin osatzea erabaki zuen, baina Aspeko pilotariak ez datoz bat formula horrekin. Larunbatekoa salbuespena izango da; igandetik aurrera ez dute Baikok antolatutako jaialdietan parte hartuko.
Baikoko pilotariek aho batez erabaki dute greba deialdiarekin aurrera egitea
Baikoko pilotariek aurrera egingo dute greba deialdiarekin. Hala erabaki dute, aho batez, ELAk Bilbon duen egoitzan egindako asanbladan.
Urriaren 7ko bileran Baiko enpresak izandako jarrera eta ostegunean Jose Ramon Garai zuzendari orokorrak egindako adierazpenak kritikatu dituzte: “Garbi dago bilera horren helburua ez zela inola ere gatazkari irtenbide bat bilatzea. Greba testuinguru batean negoziazio bilera batera esku hutsik etortzea ez da onargarria, eta argi geratu zen adostasun batera heltzeko borondate eza”.
Bestalde, ELAk jakinarazi duenez, Baiko Kirola enpresak "gardentasun ekonomikoaren aldarrikapenari" muzin egiten diola ikusita, datozen egunetan sindikatuak juridikoki aztertuko ditu Bainet Taldea, S.L. eta Baiko Kirola, S.L. enpresen arteko merkataritza-harremanak, "eta horren ondorioz egikaritu litezkeen akzio legalak".