argia.eus
INPRIMATU
Milazangoa
Asko bai, baina ez mila
  • Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua. Eta oraindik txantxa gutxiago, garai hartako espezie batzuek luzeran bi metro ere bazituztela jakinda. Gaur egun, ordea, planetako miriapodo espezierik handiena nekez iristen da 40 zentimetrora.

Iñaki Mezquita Aranburu 2025eko irailaren 29a
Iñaki Mezquita
Milazangoa Tachypodoiulus niger

TALDEA: Myriapoda / Diplopoda.
NEURRIA: 50 mm.
NON BIZI DA? Lurralde karstikoetan, zuhaitzetan ere bai.
ZER JATEN DU? Hondakinak, algak, fruituak..
BABES MAILA: Ez dago babestua.

Miriapodoak hanka askoko animaliak dira; antzinako grezieran myria hitzak zenbatezina esan nahi du, eta podos-ek, berriz, oina/hanka. Miriapodoak lau taldetan daude sailkatuta, horien artean Chilopoda taldekoak (ehunzangoak, alegia) eta Diplopoda taldekoak (milazangoak). Lur planetan talde honetako 12.000 miriapodo espezie inguru ezagutzen ditugu, nahiz eta, adituen ustez, planetan zortzi aldiz gehiago diren. Espeziearen arabera gorputzaren segmentu kopurua aldatu egiten da, eta, ondorioz, hanka kopurua ere bai: batzuek dozena pare bat hanka dute, beste batzuek, berriz, 400 hanka izan ditzakete.

Ernalketa ez da beti zuzena izaten. Arrek gonopodo izeneko apendize batzuk dituzte –moldatutako hanka batzuetan dute jatorria organo horiek–, esperma poltsak emearen gorputzean bertan uzteko. Gorputzean ez ezik, espezie batzuek emearengandik gertu uzten dituzte, gero berak har ditzan. Badira baita ere espezie batzuk partenogenesia bitartez ugaltzen direnak, hau da, arrik gabe, emea soilik ernaltzen baita, intsektu batzuen artean gertatzen den modura (erleak, adibidez).

Milazangoa esaten dugu, baina bada hanka gehiagoko espezierik! Hori bai, Australian, ez hemen. Diplopodoek, gaurko protagonistaren taldekideek, gorputzeko ia segmentu guztietan bi hanka pare dituzte, ehun zangoek ez bezala, horiek segmentu bakoitzean soilik hanka pare bat baitute. Miriapodoen hankak sinkronizatuta mugitzen dira ibiltzeko garaian, olatuen uhinak bailiran. Espezie askok biribiltzeko gaitasuna dute arriskuen aurrean, burua makurtuta, gorputzeko segmentuak bildu eta hankak barruan gordeta (kukurutxaren antzera).

Milazangoak, oso gertakizun arraroa bada ere, izurrite bilakatu daitezke eta zenbait landaretan kalteak eragin ditzakete. Triku talde bat kontratatu behar, horiek milazangoak atsegin handiz jaten baitituzte. Milazangoen defentsa-sistema gorputzean urin toxikoak ekoiztea da, urin hori gorputzean dituzten zulotxoen bidez arerioari botatzeko. Esan beharrik ez dago gizakiontzat proportzio horretako “pozoiak” ez direla inolaz ere arriskutsuak.

Tachypodoiulus niger-ek 100 bat pare hanka du, hondakinak jaten ditu eta kareharrizko lurretan bizi ohi da. Batez ere gautarra da, baina ilunabarrean ere aktiboa izan daiteke. Orbelean, enbor azalaren azpian edo goroldioan ezkutatu, elikatu eta bizi da. Gainontzeko miriapodo espezie gehienetan bezala, honetan ale arrak eta ale emeak daude.