argia.eus
INPRIMATU
Aske utzi dute Marina Bernardó EPPKko preso katalana
  • Ekainaren 3an askatu zuten Marina Bernardó, 13 urteko zigorra beteta. 2006an atxilotu zuten bost urte klandestinitatean zeramatzala, 2001eko polizia-operazio batetik ihes egin eta gero. Bernardó behin-behineko askatasunean geratu da Soto del Real espetxetik igaro ondoren, eta beste epaiketa baten zain dago, ETArekin kolaboratzea egotzita

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 07a
Victor Serri

Marina Bernardó Bartzelonan bizi zen 2001eko abuztuan atxilotua izan zen arte. Guardia Zibilak ETAren “Bartzelona komandoa”-ren aurkako operazioaren barruan Marina Bernardó atxilotzeko agindu zuen. Ihes egin eta bost urte geroago, 2006an Frantziako Quezac herrian atxilotu zuten beste bi kiderekin batera Frantziako Polizia Judizialak eta Gendarmeriaren Zuzendariordetza Antiterroristak elkarlanean.

2008 eta 2011an bederatzina urteko bi zigor jaso zituen epaitegietan. 2014an, lehenengo zigorra betetzear zegoela, aurreneurrizko erregimena ezarri zioten frantziar autoritateek, azken epaiketa egin ahal izateko. Garai hartan ziegan 22 ordu igarotzen zituela salatu zuten. 2014ko abenduan 17 urteko zigorra egotzi zion Parisko Gorte Kriminalak, 2005 eta 2006 urte artean egindako lapurreta batzuk zirela eta.

Harrera Gràcia auzoan

Ekainaen 3an, kartzelatik irten ostean, 200 pertsonatik gora izan ziren Bartzelonako Gràcia auzoko harrera-ekitaldian, estelada eta bandera gorriekin. Lore-sorta eta “Rescat” taldearen oroigarri bat eman zioten hitza hartu aurretik. Jasotako laguntzak eta elkartasunak asko lagundu zutela adierazi zuen Bernardók Raspall plazan, eta kartzelan jarraitzen duten kideei eskaini zien hitzartzea. Brindis jendetsu baten ostean, “La Barraqueta” taberna independentistan sartu zen preso zegoela adierazten zuen bere argazkia kentzera.

Rescat

“Rescat” Katauluniako preso politikoen laguntzarako taldea 2001ean jaio zen, Bartzelonan ETAko kideen aurkako polizia-operazioen ostean izandako atxilotuen askatasuna eskatzeko. Presoak laguntzeaz gain, haien familia eta lagunen euskarria ere bada “Rescat”, presoek jasaten dituzten dispertsioa eta salbuespen-egoera dela eta.

Marina Bernardó aske geratu ondoren, ETAko kide izatea egotzita preso dagoen katalan bakarra geratzen da, Dolores Lopez Resina, Brievako espetxean (Ávila).