Atxilotuetako batzuk Udaltzaingoaren furgoneta baten aurkako erasoarekin lotzen dituzte. Udaltzaingoarekin elkarlanean egin dituzte atxiloketak, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak zabaldu duenez. Bost gazteetatik hiru adin txikikoak dira.
Atxiloketak salatzeko prentsaurrekoa egingo dute 19:00tan Iruñeko Udaletxe plazan.
Martxoaren 17an, milaka ikasle atera ziren kalera hezkuntza sistema propioaren alde. "Eredu euskalduna, herritarra, askatzailea eta feminista", eskatu zieten Euskal Herriko eragileei, eta oro har, hezkuntza komunitate osoari. Besteak beste, Donostia, Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Baionan egin zituzten protestak.
Greba egunean ere hamabi lagun atxilotu zituzten: zortzi ikasle Gasteizen, eta lau Iruñean. Ertzaintzak lau ikasle identifikatu zituen Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean egindako eserialdian.
Egun horretan, hainbat gaztek Iruñeko Udalari eraso egin zioten eta honek ika-mikak ekarri zituen manifestarien artean ere. Ikasle Abertzaleek, esaterako, erasoarekin ez zutela zerikusirik jakinarazi zuten.