argia.eus
INPRIMATU
Aske utzi dituzte astelehenean Guardia Zibilak atxilotutako hiru lagunak
  • Astelehen honetan Guardia Zibilak atxilotu zituen Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaio aske geratu dira Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ondoren.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 07a
Atxiloketen ondoren jende askok atera da kalera Euskal Herrian operazioa salatzeko. Zarauzko Hitzaren argazki honetan, Ekhiñe Eizagirreren jaioterrian egindako manifestazioa.

Madrilgo Tres Cantoseko kuartelean atxilotuta eduki dituzte astelehenetik eta asteartean jaso zuten euren abokatuen bisita, izan ere, atxilotuta egon arren ez dira inkomunikatuta egon. Naiz hedabideak jaso duenez, hirurek abokatuari azaldutakoaren arabera, tratu “zuzena” jaso dute Guardia Zibilaren partetik. Hori bai, uko egin diote indar polizial horren aurrean deklaratzeari.

Operazioa iaz Arraia-Maeztun (Araba) Ertzaintzak aurkitutako armategi batekin lotuta dago. Hamar urte baino gehiago zeukan materiala zegoen gordeta zulo horretan, baina hala ere, Moreno epaileak Arkauz, Eizagirre eta Jaioren aurkako atxiloketa-autoan ustez “lehergailuak edukitzeagatik” egindako delitua aipatzen du.