argia.eus
INPRIMATU
Aske geratu ostean, Aitor Elizaran bilatu eta atxilotzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Frantzian sei urte egin ditu preso Elizaranek ETAko aparatu politikoko kide izatea egotzita, eta ostiralean geratu zen aske zigor osoa bete ostean. Hurrengo egunean eman zuten atxilotzeko agindua.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 09a
Ostiralean Donostiara itzuli zen Elizaran, eta Intxaurrondon harrera egin zioten senide eta lagunek. (@Ernaintx)

Elizaran “gizateriaren aurkako krimenengatik” dago auziperatua Espainian, baina ostiralean Madrilera iristerakoan libre geratu zen fiskaltzak ez zuelako atxilotzeko agindurik eskatu, eta epaileak ere ez zuelako horretarako agindurik eman. Javier Gomez Bermudez Frantziako eta Espainiako estatuen arteko lotura judizial lanak egiten dituen epaileak jakinarazi duenez, Frantziako epaileek pasadan astean posta elektorniko bidez informatu zioten Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburuari Elizaran aske geratuko zela. Horrek agerian utziko luke fiskaltzak ez zuela hura atxilotzeko beharrik ikusi, Jokin Sagarzazu kazetariak Berrian idatzi duenez.

Europa Press agentziaren arabera, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak txosten kontrajarriak egin zituzten, eta horregatik ez zuen fiskaltzak Elizaranen kontrako neurririk hartu.

Madrilera iritsi eta aske geratu ostean, Donostiara itzuli zen Elizaran. Intxaurrondon harrera egin zioten senide eta lagunek. Hurrengo egunean, Espainiako hedabide batzuek urritik auziperatua dagoela jakinarazi zuten, eta Jose de la Mata Espainiako Auzitegi Nazionaleko guardiako epaileak atxilotzeko agindua eman zuen larunbatean bertan.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzioko hirugarren auzitegiaren esku dago Elizaranen aurkako auzia. “Gizateriaren aurkako krimenak” leporatuta, urriaren 27an abiatu zuen auzia Juan Pablo Gonzalez epaileak. Elizaran eta beste lau lagun daude auzipetuta: Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Josu Urrutikoetxea. Carmen Lamelak, une honetan auzia daraman epaileak, erabaki behar du intxaurrondotarra espetxeratu edo ez.