Abuztuaren 16ko sarekadan atxilotu zituzten Özgür Gündem egunkari kurduko 22 kazetari aske geratu dira ANF berri agentziak jakitera eman duenez.
Atxilotzerako unean kolpeak jaso zituzten kazetariek. Ondoren, Kasımpaşa, Karakoy eta Taksimeko komisaldegietara eraman zituzten eta “agintearen aurkako erresistentzia” leporatu zieten. Galdeketetan kazetariek isilik mantentzeko eskubidea baliatu dute.
Ostegunean eraman zituzten Istanbulgo epaitegira eta gauean 22ak aske utzi zituzten.
Bilir Kaya egunkariko erredaktore burua, İnan Kızılkaya argitaratzailea eta Aslı Erdogan zutabegilea galdekatzen ari dira oraindik Istanbulgo probintziako segurtasun zuzendaritzako unitate anti-terroristan.