argia.eus
INPRIMATU
Askatasunaren Ontzidia Gazara abiatuko da nazioarteak Israelekin duen konplizitatea salatzeko
Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 06a
Irudian, Askatasunaren III. Ontzidiko belaontzia (argazkia: AFP).

“Israelek egiten duena genozidioa da, garbiketa etnikoa, gerra krimenak eta arrazismoa”, adierazi du Espinosak. “Hau mendeku bat da, beldurra eragiteko modu bat. Israelek nahi duena palestinarrak joatea eta beraien lurrak okupatzea da”.

Azken 60 urteetan Palestinako herriak pairatzen duen sufrimenduaren aurrean munduak ezikusiarena egin duela salatu du, eta hori dela gatazkaren atzean dagoen benetako drama, “baina orain denok dakite Israel egiten ari den krimena”.

Espinosaren ustez sarraskiarekin bukatzeko ezinbestekoa da Gobernuen esku hartzea. Horregatik, jendea animatu du Israelen kontrako manifestazioetan parte hartzera, horrela Gobernuari presioa egiteko.

“Ontzidiaren helburua, azken finean, gobernuen arreta deitzea da, gizarte zibilak hau ez duela onartzen esatea, eta onartezina dela herrialde batek krimen hauek egitea eta ezer ez gertatzea”, adierazi du.

“Irtenbidea Israeli boikota egitea da”

“Israel gaindituko dugu Europan garaitzen dugunean”, esan du Espinosak gatazkaren irtenbideaz galdetu diotenean. Bere ustez, “Europak ulertu behar du giza eskubideak beste edozer gauzaren gainetik daudela, Israelek ez dituela arauak betetzen eta horregatik isolatu eta zigortu behar dutela. Zergatik da hain erraza Errusiari zigorrak jartzea eta hain zaila Israeli?”.

Bukatzeko, abuztuaren bukaerarako ontzidiari buruzko informazio gehiago, datak barne, izango dutela esan du Espinosak. Bilerak egiten ari dira, azpiegiturak antolatzeko batez ere. Jende askok jada izena eman duela jakinarazi du, kultura eta politika arloetako ordezkariek besteak beste.