Fidel Castroren errautsak Askatasunaren Karabanan Habanatik Santiagorako bidea egiten ari dira. Karabana bere bidean uzten ari den argazki eta bideoen bilduma egin dugu.
1.000 kilometro baino gehiago egingo dituzte 1959ko urtarrilaren 2an ejertzito erreboltariak iraultzaren garaipenarekin eginiko bide bera jarraituz, baina aurkako noranzkoan.
Santiagon, José Martíren hilobitik gertu geratuko dira Castroren errautsak, Santa Ifigenia hilerrian. Castrok 1953an Martíren omenez bildu zituen “Mendeurreneko generazio” gisa ezagutzen diren kideak, Kubako Alderdi Iraultzailearen sortzailearen jaiotzak ehun urte bete zituenean.
Errautsek azaroaren 30ean Iraultzaren Plazatik abiatu zuten bidaia. Milaka pertsona gerturatu ziren bertara azken agurra emateko. Aurreko gauean, plazan, Castrori omenaldi jendetsua egin zioten kubatarrek, mundu osoko gobernuburuen hitzaldiekin, tartean Nicolas Maduro, Evo Morales, Alexis Tsipras edo Raul Castro. Azaroaren 30a egun berezia da Kubako Santiagon ere, 1959. urtean herria Fulgencio Batista diktadorearen aurka altxa zen.
Habanatik atera eta inguruko herriak zeharkatu dituzte errautsek. Gaua Santa Claran igaro dute, Ernesto “Che” Guevararen hilobiaren ondoan, bertako herritarren omenaldia jaso ondoren. Bertara iristean, bide guztian bezala, “Ni naiz Fidel!” Eta “Gora Fidel!” oihuak entzun dira.
Ostegunean errautsek Santiagorako bidea jarraituko dute eta igandean, abenduak 4, ehorzte zeremonia ospatuko da, Castrori azken agurra emateko.
Askatasunaren karabanak 1959an eginiko bidea eta errautsek jarraitzen dutena lotu ditu Kubako Granma egunkariak bere webgunean.
Hemen bidea uzten ari den argazki eta bideoz osaturiko galeria jaso dugu:
Karabanak jada egin duen bidea gorriz eta hurrengo egunetan egingo duena horiz. (Arg.: Juventud Rebelde)
Iraultzaren Plazan Fidel Castrori azaroaren 29an eginiko omenaldia. (Arg.: ellibertadorenlinea.com)
Komandantearen errautsek bidea hasi zuten unea. (Arg.: Ricardo López Hevia)
Habanako kaleak zeharkatu zituen lehenik, milaka lagunek azken agurra eman bitartean. (Arg.:La Nación)
Juventud rebelde egunkaria zuzeneko jarraipena egiten ari da, bideo eta komentarien bidez.
Jendeak "Fidel ni naiz!" eta "Gora Fidel!" oihuen artean agurtu du Castro. (Arg.:Granma)
Ezzkerrean haurrak karabana iritsi zain Matanzasen eta eskuinean leku berean Fidel Castro hitzaldi bat ematen 1959an, iraultzaren garaipena ospatzen. (Arg.: Ladyreme Pérez Pérez eta Granma)
Santiagora bidean, inguruko herriak zeharkatzen ari da karabana. (Arg.:Telesur)
Santa Claran omenaldia egin diote Castrori eta bertan igaro du gaua. (Arg.: Juvenal Balán)
Granmak bideoan jaso ditu karabana uzten ari den irudiak: