argia.eus
INPRIMATU
Askatasun plazatik Rodezno kondearen plaka kendu dute
  • Apirilaren 14arekin, Askatasun plazatik kendu dute Rodezno kondearen plaka, Joseba Asiron alkatea, udal talde guztietako ordezkariak eta memoriaren alorrean lan egiten duten hainbat elkartetako kideak han zirela.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko apirilaren 14a
Askatasunaren plaza izango da aurrerantzean orain arte Rodezno Kondearen izena zeramana. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Rodezno Kondea, Tomas Dominguez Arevalo, Francoren Justizia ministro izan zen 1938tik 1939ra, eta 50.000 heriotza zigor baino gehiago sinatu izana leporatzen zaio. Memoriaren aldeko elkarteek urteetan eskatu dute izena aldatzeko, baina UPNk beti muzin egin dio eskaerari.  

Memoriaren Autobusa egitasmoak mozio bat aurkeztu zuen 2009an; PSN eta NaBairen babesa jaso zuen. Yolanda Barcina orduko alkateak Rodezno Kondearen plaza izenari eutsi zion, Dominguez Arevaloren izen-abizenak kenduta.

Serapio Esparza udal arkitekto izandakoaren (Iruñea, 1880-1968) izenarekin ordezkatzea proposatu zuen Iruñeko udal gobernuak. Asmo horretan, ordea, atzera egin eta elkarrizketa bidezko prozesua lehenetsi zuen, eragile sozialek hala eskatuta.

Imaz Anaien kaleari ere izena aldatuko diote etzi. Julian Artegaizena hartuko du, lehen zabalgunea diseinatu zuen arkitektoa. Imaz anaiak militar familia bateko kideak ziren.

Asiron alkateak gaurko ekitaldian nabarmendu du memoria historikoaren alorreko elkarteen aspaldiko aldarrikapena zela plazaren izen aldaketa. Affna36 Nafarroako fusilatuen senideen elkartea, Memoriaren autobusa, Amapola del Camino Koordinakundea, Memoriaren Bideak eta San Fermines 78 Gogoan elkarteko ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.