argia.eus
INPRIMATU
Askatasun garrasi erraldoia Kataluniatik
  • Azken urteko gertakarien ostean, mugimendu independentistak indar erakustaldia egin du Bartzelonako arteria nagusian, erresistentzia eta batasun mezua bidaliz trabatutako agertoki politiko posible baten aurrean. Urriaren 1eko erreferendumaren osteko lehen Diada egunean, Errepublikaren aldarrikapena eta aurreko gobernuko lider nagusien espetxeratze eta erbestealdiak salatu dituzte.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 11
Milaka lagun bildu dira Diagonal etorbidean. (Argazkia: ANC)

ANCk deitutako manifestazioak sobera bete du bere buruari jarritako erronka, Bartzelonako geografia alderik alde gurutzatzen duen pertsona masak Diagonal betetzea, La Directan irakur daitekeenez. Aurretik publiko eginak zituzten adierazleek iragartzen zuten helburua beteko zutela: ANCren webgunean aurretik izen emandako 460.000 lagunek eragin zuten erakundeak berak astelehenean betetzat ematea ibilbideko 38 eremuak, Herrialde Katalanetatik hiriburura joandako 1.500 autobusak edo 240.000 kamiseta ofizialen salmenta, batzuk aipatzearren.

Antolatzaileek bidali duten mezu nagusia independentzia aldarrikapena indarrean jartzeko eskaera izan da (hortik leloa "fem republica catalana"), preso politikoen askatasun eskaeraren aurretik. Hala ere, ikonografia independentista hutsa nagusi izan den arren, lazo hori asko eta preso eta iheslarien aldeko mezu ugari ikusi ahal izan dira.

Jarraian 17:14ean garrasiak Diagonal etorbidearen alde batetik bestera zeharkatu duen unea.