Udako lehen brigadista taldearekin egin bezala, Marokoko poliziak Askapenaren Saharako bigarren brigada kanporatu du. Beste behin, Aaiun hirian sartzeko kontrol batean atxiki eta taxi batean Marokoko lurretara bidali dituzte. Gertatutakoaren kronika bidali dute euskal brigadistek.
Mendebaldeko Saharako bigarren brigadarekin aurrera egitea erabaki zuen Askapenak, udako lehen brigadak izandako oztopoen gainetik “Marokoko Gobernuak Saharar lurretan ezarritako blokeoa gainditzeko borondatea” jarriz. Abuztuaren 15ean abiatu ziren, eragile sahararrekin plangintza moldatu ostean.
Egun batzuk “diskrezio osoz” turismoa egiten aritu ostean, astelehenean abiatu zen brigada Aaiunera. Bidean zazpi kontrol polizial igaro zituzten arazorik gabe, baina azkenengoan euren zain zeuden kalez jantzitako 40 poliziarekin egin zuten topo. Oso aztoratuta zeudela azaldu dute brigadistek, leku batetik bestera korrika eta brigadako kideen irudiak hartzen.
Aaiunera sartzerik ez zutela jakinarazi zieten,”inolako argudiorik gabe”. Euskal herritarrek dispositiboaz eta debekuaz galdegin zieten, baina poliziaren aztoramena areagotzen zihoala ikusirik, taxian sartzea onartu zuten.
700 kilometro inguru egin zituzten sei lagunek taxi bakarrean Marokoko Agadir hirira iritsi arte. Hala ere, euren eginbeharrekoa ez dela amaitu eta Marokoko zenbait eragilerekin elkartzeko asmoa dutela adierazi dute brigadistek.
Poliziaren kontrola
Mendebaldeko Saharara sartzeaz bat, poliziaren presentziaren ugaritzea begi-bistakoa dela diote brigadistek eta lehen egunetan bisitatutako herrietan poliziaren jarraipenak izan dituztela. “Kontrolak, kalean militarrak, armadaren eraikinak, harresiak... non nahi daude”, diote.
Brigadistek bidalitako gutunean, Euskal Herriko kaleak Saharar herriaren aldeko aldarrikapenez betetzeko deia luzatu dute.