Bartzelonako Atzerritarrak Barneratzeko Zentro baten 60 egunez itxita egon den Mohamed edozein momentutan bidal dezakete bere jatorrizko herrialdera bueltan.
Tanquem els CIEs plataformak eta El Racisme Ens Tanca kolektiboak ostegunean plazaratutako urgentziazko komunikatuan azaldu dutenez, bere jatorrizko herrialdean sexu-joeragatik heriotza mehatxuak, errepresaliak eta bazterketa jasan ditu asiloa eskatu duen gizonezkoak. Deportatua izanez gero honen askatasuna eta osotasun psikiko zein fisikoa arriskuan egongo liratekela salatu dute. Marokon homosexualitatea sozialki zein penalki jazarria da.
Tanquem els CIEs plataformako talde juridikoko partaide batek La Directari adierazitakoaren arabera, apirilaren 4an itxi zuten Zona Francako zentroan gizonezkoa, eta honek automatikoki aurkeztu zuen asilo eskaera. Eskaeraren aurrean jasotako ukazioak “ez justutzat” jo ditu plataformak, eta errekurtsoa jarri dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean, honek kasua berrikusteko. Momentu honetan Auzitegi Gorenak kasua ikertzeko prozesu bat zabalik dauka, eta Tanquem els CIEs plataforma, bere aldetik, ofiziozko abokatuarekin harremanetan jartzeko ahaleginetan dabil derrigorrezko deportazioa ekiditeko neurriak hartzeko.
Espainiako Poliziak, baina, beste bertsio bat dauka Betevé telebistak adierazitakoaren arabera. Hauen bertsioari dagokionez, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren zuzendaritzak ez dauka jasota asilo debekuaren aurrean jarritako inolako errekurtsorik. Eta hori horrela, bere egoera irregularragatik asiloa eskatzen duen gizonezkoaren kanporaketari bidea eman zaiola argudiatu dute.
Komunikatuan, jatorrizko herrialdean giza eskubideen urraketa pairatzeko arriskuan dagoen pertsona bat kanporatzea debekatzen duen printzipioari jarraitzeko eskatu diete kasu honen arduradunak diren Espainiako Poliziari eta Espainiako Barne Ministerioari.
#MohamedSeQueda eta #StopDeportació aldarriekin ari dira salaketak plazaratu eta mobilizazioak deitzen.