argia.eus
INPRIMATU
Asilo-leku sakratua
Vicente “Bixen” Carrasco 2025eko urriaren 08a

Asilo-leku sakratua Erdi Aroko lege bat zen, zeinaren bitartez justizia atzetik zituztenek elizaren eta monasterioen babesari hel ziezaieketen. Akaso, bi mila urtetan ongia egin zuten apurra. Eta, jakina, ahal bezain azkar, lege hura desegitera jo zuten, desagertu zen arte. A ze gauza ona, asiloa. Nik portu segurua izan nahi dut, asilo-leku sakratua.

Emakume irlandar batek kontatu zidan britainiar ziegetan urteak eta nekeak eman ondoren etxera itzuli zen gizon baten istorioa Ipar Irlandan, Irlandako Errepublikako mugatik (ausaz jarritakoa, britainiar inperioak jarri zituen guztien antzera) oso hurbil. 80ko hamarkada zen, eta gauza asko orain baino gutxiago ezagutzen ziren. Horietako bat trauma ondorengo estresa da, eta haren ubikuotasuna eta epe luzeko eraginak. Espetxetik irten zenean, morroi hura konturatu zen inork ez zuela espero berriz ere saltsatan sartuko zenik (izan ere, espero zuten halakoetan sartuko ez zela) eta bere bizitzarekin jarraituko zuela. Erraz esaten da. Bere bizitzarekin jarraitu. Barrurantz itzulia, nortasuna zatituta, printzipioak pitzatuta, bisitatu nahi ez zituen oroimenekin eta imajinatu nahi ez zuen etorkizunarekin. Hiltzea baino gauza okerragorik badela sentitu duen edonork bezala; eta merezi izateak ez du zerikusirik.

Arta

Nik neuk asilo-leku sakratua izan nahi dut beren baitan bildutako lagunentzat, bere zilborrean galdutakoentzat, zailduentzat eta hautsientzat. Zaintzak ezkertiarrak dira

buruak baino baserritarragoa zenez, familiaren etxaldera itzuli zen, eta etxalde hartan zaldiak zituzten. Han jabetu zen zaldi batzuek ondotxo eskertzen dutela esperientzia izugarri horiek pairatu dituen norbaiten jokatzeko modua.

 

Inguruarekin komunikatzeko kanalak nahiko birrinduta zituela, bitarteko horiek berriz sortu behar izaten dira, eta tipoa mantso mugitzen zen. Zaldi askok –izaeraz harroak eta sentiberak– horrelako pertsonak maite dituzte. On egiten ziola ohartu zen, eta bera bezalako beste batzuei aldiz, dena gaizki zihoakiela. Beraz, adiskideak, ziegetatik atera berriak, zaldiengana eramaten hasi zen, zaldiekin denbora eman zezaten.

Eta, mundua oso txikia denez, norbaitek ezagutzen zuen norbait ezagutzen zuena Israelgo ziegetatik irteten ziren palestinarrekin harremana zuena, bera britainiarretatik atera zen bezala. Palestinar pitzatu, zartatu eta zailduak beste planeta horretara heltzen hasi ziren, laino itxi eta tea baino euri mota gehiago dituen herrialde berde horretara. Eta, zelai zabal asko, belardi asko, eta belardi horietan, zaldiak.

Zaldi haiek, beren presentzia soilarekin, barrurantz jiratutako jende mordo bati lagundu zioten. Nahita ere konektatu ezinean zebiltzanak, edo apika, nola konektatu gogoratzen ez zutenak. Edo, ez ausartzen ikastera behartu zituzten, beren arimak hautsiz metodikoki.

Kartzela bisitari gisa ezagutu dut, eta gerra oso zeharka (uki dezagun egurra), baina badakit gerratik eta ziegatik inor ez dela hobe ateratzen. Aldatuta, agian. Zorte handiarekin, berdin-berdin. Kartzelaria ere ez da hobe ateratzen kartzelatik. Hori esanda, eta distantziak gorderik, behin baino gehiagotan egon naiz zisku eginda. "Gehiegitan heldu batentzat", dio lagun batek, benetan zenbatu ezin den eta txarra den zerbaitez ari garenean. Eta, askotan lagunen etxeetan egon nintzen, eta jaso ninduten lagunek, pixka bat nire kasa utzi, eta noizean behin pasieran ateratzen.

Eta, ziurtatzen zuten tarteka jan, edan eta erre egiten nuela. Beheko suari begira utzi ninduten behar beste orduz, eta ordu asko izan ziren. Ardoa ematen zidaten, eta ura aldatzen. Inon zaldirik ez, batean izan ezik, baina txakurrak denetan. Zein onak diren txakurrak arimarentzat. Nola dakiten nor dagoen barrutik lehertuta, nor lotu behar den motzean eta matraka gehiegi ez eman; nor xaxatu pasieran eraman zaitzan arte, janari estra eman arte, edota inork baino festa gehiago antolatu arte. Horrelakoak egiteko gauza den txakurra ekaitz erdian itsasargi bat da.

Etxe horietan egun batzuk eduki ninduten, eta asteak ere. Aste asko ere. Ez naiz gogoratzen. Baina ez ninduten etxe horietako batetik ere bota. Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago egin nuen. Batean hesi bat berreraiki nuen (gaizki), beste batean altzariak margotu nituen (oso gaizki), eta hurrengoan egur-terapia egin nuen, aizkoraz egurra moztu, gerora askotan praktikatu izan dudana. Gehiegi heldu batentzat, agian.

Egurrak zazpi aldiz berotzen omen zaitu:

• Zuhaitza bota duzunean, dakitenek propio markatu duten zuhaitza heriotzaz zauritua.
• Enbor zatiak mozten dituzunean (Maniguako pizti bat bazara)
• Zati astun horiek motordun ibilgailu batean kargatzen dituzunean
• Jomugara iritsita motordun ibilgailutik deskargatzean.
• Enbor zatiekin subilak egiten dituzunean, beheko suan edo estufan sartzeko modukoak.
• Bizitzaz lepo dagoen Tetris gisako hormatxoan subilak jartzen zoazenean.

Zazpigarren aldian, jakina, subila horiek erre egiten dira.

Egur hori lehortzen geratzen da bi, hiru urtez. Egurra etxean geratzen da eta, ez bakarrik etxean bizi direnentzat, bisitan agertzen direnak ere berotzen eta elikatzen ditu enbor horrek. Elkarri uzten diogun mezua da.

Noizbait aterpe hori, sostengu hori, telefonoz izan da.

Urrutitik. Infernuan ere lagunak behar dira. Batez ere infernuan, diote. Baietz ba. Jendetza bat ez da bakardadearentzat lagungarri, eta etxerik onena ez abegikor bihurtzen da. Lagunak izan ditzazula, eta ez itzazu zalantzan jarri. Baina lagunak izan ditzazula.

Nik neuk asilo-leku sakratua izan nahi dut beren baitan bildutako lagunentzat, bere zilborrean galdutakoentzat, zailduentzat eta hautsientzat. Zaintzak ezkertiarrak dira. Nortzuk arduratuko dira zaintza lanez? Eskuina? Baina, ondo ikusi al duzue? Nik asilo-leku sakratua izan nahi dut, mundu guztia ez baita zaldiekin ondo moldatzen.

Vicente “Bixen” Carrasco