argia.eus
INPRIMATU
‘Asier eta biok’ ondoren, Aitor eta Amaia Merinoren film berria abian
  • Asier ETA biok filmaren sortzaileek proiektu berria dute eskuartean: Fantasia. “Ikusmira” saria jaso dute Aitor eta Amaia Merinok eta horri esker abuztua eta iraila bitartean Tabakalera izango da haien bizilekua, orain arte grabatutako materiala aztertzeko.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 04a
Aitor eta Amaia Merino. (Argazkia: AraInfo)

2015ean haien gurasoekin egindako bidaia bat da Fantasia proiektuaren abiapuntua. Mediterraneoan zehar eraman zituen itsasontziak izen hori zuen hain justu.

Aitor Merinok azaldu duenez, bidaian eta haren ondoren grabatutakoa jasoko du filmak: lehenengoaren –fantasia– eta egunerokotasunaren arteko kontrastea erakustea da helburua. Gurasoak dira protagonistak eta distantzia, zahartzaroa eta heriotza izango ditu ardatz dokumentalak.

Zinemaldiak, Donostia Kulturak, Donostia 2016k eta Tabakalerak bultzatutako proiektua da “Ikusmira Berriak” eta ikus-entzunezko proposamen berritzaileak bultzatu nahi ditu. Fantasia aurkeztutako 37 proiektuetatik aukeratutako lauen artean dago eta 2017ko Zinemaldian estreinatuko dute.