argia.eus
INPRIMATU
'Asier eta biok' dokumentala ostiraletik aurrera egongo da ikusgai
  • Hilaren 17an estreinatuko dute 'Asier eta biok' dokumentala Euskal Herriko bederatzi aretotan. Berriki kartzeleratutako eta aurretik ere preso egondako Asier Arangurenen eta filmeko zuzendari Aitor Merinoren arteko laguntasuna jasotzen du obrak. 

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2014ko urtarrilaren 14a
Filmak Asier Arangurenen eta Aitor Merinoren laguntasuna du ardatz.

Nafarroan hiru zinematan proeiktatuko dute: Uharten, Itaroan; Iruñean, Golemetan; eta Tuteran, Ocine gelan.

Gipuzkoako hiru salatan ere emango dute: Donostian, Principen; Oreretan, Niessen; eta Irunen, Txingudin.

Bizkaian bi herritan eskainiko dute: Bilbon, Multicines-en; eta Barakaldon, Cinema Max Ocio-n.

Araban ikusteko areto bakarra egongo da, Gasteizko Guridi-Vitoria, alegia.

Horrez gain, Herrialde Katalanetan ere izango dute obraz gozatzeko aukera Bartzelonako Cien Zumzeigen eta Cinemes Bolichen. Era berean, Madrilgo Artistic Metropoliko pantailetara ere iritsiko da Merinoren lana.

Zer kontatzen du Asier ETA biok filmak?

Funtsean Asier Aranguren preso ohiaren eta Aitor Merino filmaren bi zuzendarietako baten arteko harremana kontatzen du obrak –beste zuzendaria Amaia Merino da–.

Elkarrekin hazi ziren biak 80ko hamarkadako Iruñeko kaleetan, baina bide ezberdinak hartu zituzten gaztaroan: Aranguren ETAn sartu zen, Merinok artearen mundurantz jo eta aktore egin zen. Hemen filmeko zenbait fotograma:

Laguntasunaren eta euskal gatazkaren inguruan eraiki dute obra. Merinok bi galderen bitartez azaldu du: "Nola azaldu jendeari ETAko kide batekin dudan laguntasuna? Nola ulertarazi nik neuk ere ulertzen ez dudan erabaki bat hartu zuela?". Galdera horien erantzunak topatzen saiatu da 94 minutu irauten duen filmean.

Mikel García Idiakez ARGIAko kazetariak filmaren analisia egin du bere blogean: "Nire lagun ETAkidea"

Aranguren, berriz ere preso

Aurreko astean atxilotutako EPPKko zortzi kideetako bat da Asier Aranguren, berriz ere kartzelan dago Eloy Velascok atzo espetxeratzea agindu ostean.

Aitor Merino: “Nirekin zaude edo nire kontra zaude. Tranpa horretan erori gara”

Hainbat elkarrizketa egin dizkiote Merinori estrainaldiaren ataritan. Batetik, eldiario.es egunkariak sorkuntzari eta gatazkari buruzko galderak egin dizkio. Sortzaileak gatazkaren konponbide politikoa aldarrikatu du, haren ustetan, gatazkak berak sustrai politikoa duelako.

Bestetik, Gaztezulo aldizkariarekin izandako solasaldia irakur daiteke Sustatu.com atarian. Arangurenek proiektuarekiko izandako jarrera eta egitasmoaren lehen urratsak izan dituzte ardatz elkarrizketan.