argia.eus
INPRIMATU
Asia Erdialdea: bertakoen Joko Handia

Mikel Aramendi 2023ko maiatzaren 08a
Maiatzaren hasieran Indiako Goa estatuan bildu diren SCO antolakundeko herrialdeetako kanpo aferetarako ministroak / Argazkia: Indiako Kanpo Harremanetarako Ministerioa

Hogei urte, edo batek daki zenbat, igaro direla dirudi. Baina egia zekena da hogei hilabete eskas direla  Ameriketako Estatu Batuak joan zirela Kabuldik. Joan ziren moduan joan ere, hogei urteko gerraren ondoren. Ez da harritzekoa inguru hauetako morroi leialenek hura gogoratu nahi ez izatea. Horrela, isilka-misilka eman da, handik datozen ohiko albiste ezkorrekin nahasian, beste noizbait albiste pinpirina izango zena ere: talibanek (alegia, haien Barne Ministerioa kontrolatzen duten Haqqani-tarrek; hamaika ikusteko jaio gara) erail berri dutela 2021eko abuztuaren 26an Kabulgo aireportuan jazotako sarraski handiaren antolatzailea.

Gure arteko itzalaldi mediatiko horrek ez liguke, ordea, perspektiba, begiradaren zolitasuna lausotu behar. 2021eko abuztuan zuzenean ikusi ahal izan genuen hura, ia ziurki, 200 urteko ziklo historikoaren amaiera izan baitzen. Joko Handiaren akabera. Mendebaldeko potentziek –Inperio Britainiarrak eta Errusiarrak lehendabizi; Sobiet Batasunak eta Estatu Batuek gero– Eurasiako xake-taularen erdiko laukien kontrola edukitzeko Asia Erdialdean landu-lagundu-xaxatu zituzten gerra eta liskarren segida etengabea. Geopolitikaren adiera gordinenean.

1989ko otsailaren 15ean Gromov jeneralak Amu Darya zeharkatu eta sobietar esku-hartzea amaitutzat eman zuenean Afganistanen, Zbigniew Brzezinski bezalakoek pentsatu bide zuten xake-matea zela hura. Baina ez; eta berak ere ikusi ahal izan zuen ezetz. Eta litekeena da 2021eko Kabulgoa ere ez izatea guztizko akabera.

Baina harez geroztiko hogei hilabeteak aditzera ematen ari dira sakon-sakoneko aldaketak gertatzen ari direla Asia Erdialdean. Joan den astean Indiako Goa estatuan SCO antolakundearen goi-bileran ikusi dena har liteke frogatzat; baina haren aurretik Samarkandan egindakoa, edo eskualdean dabiltzan joan-etorri diplomatiko frenetikoak ildo bertsuan hausnartu behar dira. Bestelako Joko Handi bat dago abian orain Asia Erdialdean.

Alde batetik, tresna nagusia aldatu egin delako: politikagintzak, diplomaziak, aliantzek, plan ekonomikoek hartu dute gerra eta gatazkaren lekua. Eta herrialdeen arteko liskarrak ez ezik haien barne-insurgentziak ere koska bat edo gehiago apaldu dira. Denborak esango du joera iraunkorra den ala ez.

Eta bestetik, protagonistak, eta haien mailaketa ere, aldatu egin dira. Bi dira handiak orain ere, baina bietatik bakarra ere ez iraganekoa. Txina eta India “bertakoak” dira, eta garai bateko potentzia europarrak baino handiagoak. “Bertako” potentzien bigarren maila batean esku hartzen dute Jokoan orain Errusiak, Pakistanek eta Iranek. Eta erdian, “-stan” txikiak (biztanleriaz, erlatiboki), baina handientzat interesgarriak ez ezik funtsezkoak diren baliabide askoren jabeak betiere: kokapena, lehengaiak…