argia.eus
INPRIMATU
Artzaingoaz eta hartzaz mintzatzeko bi gaualdi publiko Ainizan eta Baionan
  • Hartza gure mendietan berriz sartzeak artzainen artean sortu duen kezkaren inguruan bai baserritarrek eta bai kaletarrek dauzkaten iritzi eta erreakzioez solastatzeko, ELB sindikatuak bi elkarrizketa publiko antolatu ditu datozen ostegun eta ostiralerako, Ainiza-Monjolosen (21:00etan) eta Baionan (20:00etan).

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 01a

Artzainek hartzaren ondoan lehentasuna dute? Zaintza neurriek elkarbizitzeko ahala emaiten dute? Herritarrek zer nolako laborantza eta elikadura nahi dute? Galderon eta oro har hartza berriro Pirinioan sartzeak sortu dituen erreakzio kontraesankorren inguruan ariko dira bi gaualdi publikotan, uztailaren 4an, ostegunez, 21:00etan Ainizako Laborantza Ganbararen egoitzan eta uztailaren 5ean, ostiralez, 20:00etan Baionako Elkarteen etxean.

Biarnoan bi hartz berriren sartzeak nekazarien eta batik bat artzainen mundua astindu du, mobilizazioak ere eraginez. Aldiz, ingurumenaz, bio-aniztasunaz eta animalien eskubideez kezka duten beste herritar askoren iritziarekin egin dute talka. Iparraldeko baserritar txikien sindikatuan prentsa oharrean laburbiltzen duenez, "ELBk dio hartza edo otsoa eta artalde eta bortuko artzaingoak ezin direla elgarrekin bizi lurralde berdinean. Denbora berean, hartzak jendeengan irudia positiboa du eta hartzen sartzea animaleen aniztasunaren azkartzeko manera bezala aurkeztua da. Laborari eta jendartearen arteko deslotzea haundituz doa alde batetik, eta laborantxa industrialari lotuak diren gehiegikeriek ezagunak dira bestetik, hau guziaren ondorioz, gero eta ohar edo ataka gehiago bada hazleen kontra, berexketarik egin gabe batzu edo besteen lan egiteko maneretaz. Egoera hunek oharren gogortzea eta posizioneen bortiztea ekartzen du. Alta sistima hau iraunkorragoa eta zuhurragoa izan dadin, agroekologia gehiagori buruz joan dadin, beharrezkoa da nahikeria hori dugun jende guziak elkar gaiten".

Artzainak eta basozainak Ariege eskualdean, hartzak artalde bati erasota hildako ardien hondarrak aztertzen, 2017ko udan. (Argazkia: Aspap)

Bi bilkuretan Ariege eskualdeko –Foix hiriburu duen departamenduko– artzainen esperientziak aurkeztuko dira. Alde batetik Ariegen hartzen sarrerak sortutako egoeraz telebista publiko frantsesak egindako dokumentala eskainiko dute, eta bestetik eskualde hartatik espreski etorriko den artzain baten bizipenak entzungo.