Artur erregea larrugorritan

  • "Baina... Mas ez al da independentista bilakatu? Azter ditzagun gertakariak eta ez hitzak".


2016ko urtarrilaren 11n - 10:51
Arran gazte mugimenduaren pankarta bat

Azken urteotan, krisi delakoak eztanda egin zuenetik, Kataluniako burgesiaren proiektuaren helburua izan da ahalik eta galera gutxien sufritzea, kosta ala kosta eta edozeinen gainetik. Masek Merkelen ikasle aurreratu izendatu zuen bere burua, Zapatero edo Rajoy etxerako lanak "gogoz kontra" egiten hasi baino askoz ere lehenago. Eskubide sozialen murrizketak izugarriak izan dira Katalunian. Ez dira Estatuaren porrota saihesteko murrizketak izan, klase interesen arabera pentsatu eta ezarri dituzte. Gizartearen egoera larriari –baina legezkoari– ustelkeria kasuak gehitu behar zaizkio Kataluniako familia handietan eta alderdi eta erakunde publiko nagusietan; udaletatik kontseilaritzetara, PSCtik CIUra, Pujoldarretatik Bustostarretara. Karta-gaztelua erortzen ari da eta azkar eta presaka berreraiki behar dute.

Azken hauteskundeetako emaitzak aztertuz gero, erregimenarekin lotutako alderdien jaitsiera esponentziala izan da M15 efektuaren ostean eta beraz, boterea lortzeko estrategia berriak behar dituzte. Krisiak ireki zizkion begiak Kataluniako gizartearen zati handi bati, orain urte gutxira arte Espainiaren barruan jarraitzea hobesten zutenei. Beti amestu duten garapen elitistaren ezinak bidea itxi die ordenarekin lotutako klaseei; beren klase interesen hobekuntza negoziatzeko, gatazka politikoa aukerarik onena dela uste duten horiek dira. Hor kokatzen dugu sektore horien deriba independentista delakoaren hasiera. Beren klase interesak mugatzen dituzte Estatuko beren homologoen klase interesek, eta beraz mehatxu independentistak soilik eskaintzen die negoziaketarako abagunerik.

Baina... Mas ez al da independentista bilakatu? Azter ditzagun gertakariak eta ez hitzak.

Gaur gaurkoz Espainiako Estatuan ez dago lege-esparrurik proiektu independentista garatzea ahalbidetzen duenik. Hortaz, independentziak aurrera egingo badu, Espainiako legedia hautsi beharko du. Eta Mas ez dago prest hori egiteko.

Azaroaren 9an zer gertatu zen, baina? Ez al zen desobedientzia ekimena izan? Ez, Kataluniako lege-esparru bat sortu zuten, bide desobedientea ordezkatu zuen plan alternatiboari babes legala emateko. Egungo legalitatea desobeditu behar ez izateko diseinatu zuten plan hori. Gaur egun epaitegietan dago A9ko galdeketa, baina ez naiz ni izango zuei azalduko dizuena Espainiako "justiziaren" erabilpen politikoa, oso gertutik ezagutu duzue-eta.

Arturo Puente kazetariak "botoi gorria" deitu zion. Botoi horrek Estatuarekin negoziatzeko, hauteskundeak deitzeko eta erritmoak markatzeko aukera ematen du, baita txiklea luzatu eta urtetan ahoan bueltaka ibili ostean zapore barik uztekoa ere. Hori da aurreko Kataluniako hauteskunde autonomikoetan jokoan zen botoia, zeinak beti Masen alboan jarraitu “behar” duen.

Testuinguru soziala oso latza izan da eta Masen higadura elektorala, begi-bistakoa. Hauteskunde berrien aurrekaria izan behar zuen A9ak, baina horiek ez ziren segituan etorri, ERC ez zelako prest agertu bere kapital politikoa ustelkeriak eta murrizketek zikindutako hauteskunde-marka berri bati oparitzeko. Hilabetez luzatu zen kanpaina mediatiko gogorrak, "subiranotasunaren aldeko" antolakundeen (ANC eta Omnium) presioak tarteko, lortu zuen ERCren nahia makurrarazi eta sarraraztea JuntsXsi tresna elektoralean. Iruzurrezko hautagaitza da: zerrendaburua laugarren postuan aurkeztu dute, hautesleriari ez dio inolako parte hartzerik eskaini, eta lehoietara bidali ditu Romeva eta Junqueras, Forcadell edota Muriel Casalsekin eskutik hartuta. Perfektua zen operazioa, baina... matematika okertu zitzaien: "botoi gorrira" heltzeko bi diputaturen faltan zirela jabetu ziren.

Orduan jaio zen #pressingCup kanpaina. Laborategi berberean sortu zuten #pressingERC, zerrenda bakarrera batarazi eta Junquerasen asmoak aldaraztea lortu zuena. Hasiera batean #pressingCup kanpaina jaio zen gobernua osatzeko behar besteko babesak bilatzeko, baina denborak aurrera egin ahala, CUP-CC suntsitzeko saiakera bilakatu zen.

CUPeko asanblada nazionala Sabadellen

Nahiz eta Mas president ez izendatzeko CUP-CCren jarrera oso ezaguna izan hauteskunde kanpainan, onartu behar da baieztapen hori ez dagoela programan jasoa eta ez datorrela aurretiko akordio batetik. Mas ez inbestitzea bere egin zuen CUPek, gizartearen zati handi baten aldarria zelako eta azken hamarkadan Masek eragin dituen izerdi eta malkoak oso kontuan dituztelako. Aldiz, hauteskundeen aurretik adostuta zegoena ondokoa zen: erabaki garrantzitsu oro, presidentetza edota aurrekontuak, CUPek bere osotasunez onartu behar dituela. Eta hala egin dugu.

CUPen esan ohi da demokrazia garestia eta motela dela, horren alternatiba ez delako gure demokrazia. Hedabideen aldetik CUPek jaso dituen kritika eta irain guztien gainetik, ezin diogu asanbladari uko egin; gure praktika politikoaren oinarrietako bat delako, baita gure pentsatzeko modua ere. Eraso egiten digute guk esandakoak beren aurka egiten duelako, eraso egiten digute esaten dugun moduak beren aurka egiten dutelako.

Hartu dugu erabakia eta berreskuratu dugu ekinbide politikoa, #PressingCup delakoak inguruan haserrea eragin badu ere. Horren froga da president ohia gorrotoz, mendekuz, gezurrez eta estereotipatutako akusazioez jantzita plazara irten izana. Masek CUPi egotzi dio muturreko ezkertiar izatea, nahiz eta presidentziarako proposamenean agertu Neus Munter edo Pi i Sunyer bezalako izenak, eta talka-plan bat –kurioski beren hauteskunde programan agertzen dena– nahi ez izatea ere leporatu dute. Pujolen garai “onenetan” bezala jokatzen amaitu du Masek. Kataluniaren sinonimo zen Pujol, eta beraz Pujoli eraso eginez gero Kataluniari ere bai. Egun "prozesua" Artur Mas deitzen ei da, eta Mas gabe ez da “procés”ik.

CUP-CC desegiteko asmoa zuen mezuak lortu duena, azken batean, izan da CUPen bi arimak batzea. Sare sozialetako mezuek edo herri edo herrialde mailako asanbladetako komunikatuek ondorengoa adierazten dute: "inbestidurari bai" eskatu dutenek ere uko egiten diote arma izateari "inbestidurari ez"  bozkatu duten kideen aurka. Izan ere, oso argi daukagu bereizten gaituena mugimenduari buruzko ikusmolde taktikoa dela, eta ez estrategikoa. Erregea biluzik doa, eta independentziarako egiazko oztopoa da.

Hori salatu izan du hainbat hilabetez ezker independentistak, eta, "prozesistek" kontrakoa esan arren, azkenerako begi-bistakoa izan da. CDCren analistek ikusi dute beren proiektuak ez duela martxoan babes handiagoa lortuko eta ez dagoela aukerarik ERCri berriz xantaia egiteko, hauek hauteskundeetan irabazle ikusten baitute beren burua. Proposamen alternatiboak Carles Puigdemonten izena idatzita dauka. Ordezko gaztea, CIU zaharraren trapitxeo eta ustelkeria kasuetatik bereizitakoa, subiranotasunaren aldeko soslaiduna (Independentziaren aldeko Udalerrien Asanbladako egungo presidentea da), baina zapatan harri-txintxorren bat izango duena. Agian Metromunster ekoiztetxearen etorkizuneko beste dokumental batek jasoko du Juan Pablo Torroija gaztearen heriotza. Gironako udaltzaingoak hil zuen Puigdemont alkate zela. Ez da kasualitatea gaztearen familiak abokatu gisa CUPeko diputatu Benet Salellas hartu izana. Denborak baino ez du esango Kataluniako Errepublikaren etorkizuneko president berriaren aurrean ote gauden.

Marc Garcia, Endavant antolakundeko kidea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude