argia.eus
INPRIMATU
Mila euroko soldata artistentzat
  • Lanartea elkarteak Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta argitaratu berri du. Inkesta bete dutenen %40k du jarduera artistikoa lanbide. Batez beste, hilean, 1.027,5 euro irabazi zituzten 2023an. Inkestatuen %33,8k erantzun du azken urtebetean jarduera uztea pentsatu duela. Arrazoien artean aipatu dituzte nekea, presio administratiboa, lan baldintza gogorrak, diru eza eta osasun mentala erasanda izatea.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko abenduaren 20a
Hilean batez beste 1.027,5 euro irabazi zuten iaz jarduera artistikoa lanbidetzat daukatenek. Dani Blanco / CC BY-SA

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak lehenengo aldiz egin duen inkesta honetan 245 pertsonen erantzunak jaso ditu. Datu kuantitatiboz osatutako txostena argitaratu du.

%31k dio eskas ordaintzen diotela

Inkesta bete dutenen %40k jarduera artistikoa edo horren ondoriozko lanak dituzte irabazi-iturri bakar edo nagusi. Aldiz, %52,2rentzat jarduera artistikoa urteko diru sarreren erdia edo gutxiago da. Parte-hartzaileen diru sarrera guztiak kontuan hartzen badira, alegia, jarduera artistikotik jasotakoak eta bestelako sarrerak, 2023an 27.870 euro jaso zituzten batez beste. Zifrarik handienak itzulpengintzan eta bertsolaritzan aritzen direnek eman dituzte: 35.000 eta 31.336 euro, hurrenez hurren. Sarrera gutxien izan dituztenak musika eta ilustrazioa/komikia dira, 22.948 eta 22.917, hurrenez hurren.

Soldata kalkulatzeko, jarduera artistikoaz bestekoa kenduz gero, urteko batez besteko soldata 12.073 eurokoa da, hau da, hilean 1.027,5 euro. Lan artistikotik diru sarrera gehien izan dituzten bi jarduerak ikus-entzunezkoak eta arte eszenikoak dira. Gutxien jaso dutenen artean daude bertsolaritza eta musika.

Batez beste, urtean, 5.698 euroko gastu gordina egin dute sormen eta interpretazio lanak egiteko. Gastu-iturri aipatuenak hauek dira: Gizarte Segurantzako autonomo kuotak, lanerako azpiegiturak, eta lanerako materiala.

Diru-sarrerak eta gastuak kontuan hartuta, urteko batez besteko irabazi garbiak 6.375 euro dira. Euskaraz soilik sortu dutenen zifra apalagoa da: 4.717 euro. Aldiz, euskaraz eta erdaraz lan egin dutenen irabazi garbien batez bestekoa 9.672 eurokoa da.

Haien lana ondo ordaindua den galdetu zaie parte-hartzaileei. %39,2k adierazi du nahikoa ordaintzen dietela eta %31,8k esan du eskas pagatzen dietela.

Nekatuta, eta lan ezegonkorrak arduratuta

Azken urtean lan artistikoa uzteko asmorik izan al duten galdetu diete, eta %33,8k erantzun du baietz. Jarduera artistikoa ogibide dutenen artean, berriz, ehunekoak gora egin du %42,7ra iritsi arte. Uztekotan, zergatik utziko luketen galdetuta hauek dira arrazoi nagusiak: nekea, presio administratibo gehiegizkoa, baldintza gogorrak, diru eza eta ezegonkortasuna, osasun mentala erasanda izatea, eta lanaren onarpen kaskarra.

Datozen hiru urterako kezken inguruan galdetu zaie eta hauek dira gehien aipatutako hiru kezkak: lanaren ezegonkortasuna, artistei langile izaera ez zaiela aitortzen ikustea, eta fisikoki edo mentalki gaixotzeko beldurra.

EITBri deia

Erakunde publikoei, herri ekimeneko eragileei eta eragile publikoei zer eskatuko lieketen galdetu diete. Bost eskakizun nagusiak jaso dituzte txostenean:

-Artistak langiletzat hartzea behingoz.

- Euskal artista lanak ezaugarri bereziak dituenez, nekazaritza,

arrantza eta beste sektore batzuei eman ohi zaienaren tankerako estatus berezia ematea.

- Euskal kultur proposamenak gizarteratzeko eta sustatzeko bidea erraztuko duten zirkuituak sendotzea. EITBk gizarteratze eta sustatze lan horretan rol aktiboa izatea.

- Euskarazko kulturaren alde beren beregi egingo duten politika

publikoak abiaraztea.

- Jendetzak mugitzen dituzten kultur proposamen bakanetan ahalegin

eta sos ia guztiak kontzentratu ordez, ekosistema zaintzea, txiki dena

gehiago ez dadin txikitu.

- Kultura lehenestea.

Lanarteak proposatutako neurriak

Elkarteak artisten lan eta bizi baldintzak hobetzeko eta haiek inkestan egin dituzten eskakizunei erantzun ahal izateko proposamen sorta aurkeztu du. Sei eskaera zehatz egin dituzte:

-Euskaraz sortutako kulturaren legea egitea, babes ekonomiko eta juridiko guztiekin.

-Sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jartzea, eta hizkuntza zehar-lerro gisa erabiltzea, genero faktorea erabiltzen den gisa berean.

- EITBk euskal kulturaren alde egiteko hartuko dituen neurrien inguruko eztabaida hastea lehenbailehen.

- Hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen eta babes lerroetan gutxieneko kuotak ezartzea euskarazko kulturaren alde, eta kuotak behar bezala betetzen direla ziurtatzeko, kontrol egitura bat sortzea.

- Etxebarru Institutua (erakunde autonomoa) sortzea.

- Artistentzako praktika onen giden ondoan, artistekiko harremanetan erakunde publikoek izan beharreko gutxieneko praktika onak adostea.