Han-hemen entzuna dut garai batean baserriz baserri joaten zirela musikariak, eskean pentsatzen dut. Soinua soinean hartuta imajinatzen ditut, atea jotzen eta aurpegia galanki botatzen, barrura sartu ahal izateko. Uste dut noizbait Ruper Ordorika entzun izan dudala entzuna edo leitua zuen istorioren bat kontatzen, musikariren bat baserri batera joan eta etxeko andreak bere alabak gorantz bidaltzen eta ezkutatzen zituela, artistarekin interakziorik ez izateko, ligatu ez zezaten. Artistek iruzurti izateko fama zuten, antza. Dirurik ez, baina etxeko alabak baba dariela uzteko gai omen. Artistaren ikuspuntutik begiratuta Ordorikak badu kantu bat, Daniel Johnstonen moldaketa, kontatzen duena artistaren bizimodua ez dela atseginena, familia beti gainean izaten duelako, “esanez lanen bat hartzak”...
Artista eredu horrekin ez dute zerikusirik pianista europar, zuri, gizon eta heteroek. Prototipo guztiak betetzen ditu Deux pianos filmeko Mathias Voglerrek. Hain da argitsua, alkoholarekin (ere) arazo potoloak dituela, hain inteligente diren artista guztiek bezalaxe. Baita maitasun harremanetan ere. Badakizue, artista top-top hauek... Profil esplotatuegia da, ordea, zineman. Eta badakigu beti ongi amaitzen duela istorioak, tristeziak alkoholean itotzeari utzita. Igande arratsaldetako telebistako filmek erakutsi digute halakorik.
Lyongoa da Vogler pianista, baina urte mordoa daramatza Japonian bizitzen, goi-goi mailan jotzen. Bere irakasle ideal eta mitifikatu Elenaren mezua jasoko du, eskatuz Lyonera itzultzeko kontzertu berezi bat prestatzera. Lyonen, haur-parke baten albotik igarotzean, 9 urte inguruko haur bat ikusiko du, eta harengan sortuko zaio miresmena. Harengan ikusiko du bere burua; geroago jakingo dugu zergatik.
Maitasun harreman bat berreskuratuko du gero Voglerrek, baita bere amarekin harremana ere... Gidoi klasikoegia du pelikulak. Baina lagun bati komentatzen nion moduan: hasieran astuntxoa egin bazait ere, bigarren parteak entretenitu nau. Film atsegina da ikusteko, eta horretan piano hotsek laguntzen dute. Kuriosoa egin zait, ordea, pelikula amaitzea akordeoi soinuarekin; horri bai ez diodala zentzurik ikusi.