argia.eus
INPRIMATU
Artejira jaialdiarekin, Donostia 2016k egoitza berria zabalduko du hilaren 28an
  • Ekainaren 28an, Donostiak Europako Kultur Hiriburutza eskuratu zuenetik hiru urte beteko diren egunean, 2016 Guneak ateak irekiko ditu herritarrentzat, erreferentziazko gune izateko asmoarekin.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 23a
Diziplina artistiko anitzek osaturiko ekitaldiak Artejira du izena (donostia.org)

Donostia 2016k eta Donostia Kulturak herritar guztientzako jaialdia antolatu dute egoitza berriaren irekiera-festarako. Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendaria arduratu da ekitaldia zuzentzeaz eta hiriko kultur-etxeek eta kultur arloko 50 profesionalek baino gehiagok hartuko dute parte.

2016 Gunearen kokapen eta ezaugarriak ezagutzera eman, hiriko eskaintza kulturala ikusarazi eta diziplinartekotasuna agerian jartzeko baliatu nahi dute eguna antolatzaileek.

Xabi Paya Donostia 2016ko zuzendaritzako kideak adierazi du ez dela egoitzan egingo den lehen ekitaldia, baina ekainaren 28tik aurrera 2016 Gunea “proiektua ikusaraziko duen lekua” izanen dela. Eraikinaren berritze lanak amaitzeko daudenez, irekiera ofiziala urrian kultur hiriburu izan diren hirietako ordezkariekin egingo den topaketan izango dela aurreratu du Payak,.

Artejira, egun osoko irekiera-jaia

Intxaurragak azaldu du Donostia hiria artez jantzi eta kaleak antzoki bihurtzerakoan, “oreka” hartu dutela ardatz, hizkuntzen, kulturen eta generoen arteko oreka, baita hiriko erdigunearen eta auzoen artekoa ere.

Zortzi auzotako kultur-etxeetan, goizean arte-espezializazioan oinarritutako emanaldiak izango dira eta jarraian bakoitzak bere ibilbidea hasiko du gunerantz. Okendon arte plastikoak landuko dituzte, Egian dantza, Amarako Ernest Lluchen literatura, Altzako Casaresen ahotsa, Intxaurrondon musika, Aieten ilustrazioa, Loiolan poesia eta Lugaritzen antzerkia.

Bakoitzak bere “jira” egin ostean, arratsaldean denek bat egingo dute 2016 Guneko emanaldi nagusian. Ane Gabarain eta Iban Garate aktoreek zuzenduko dute eta idazle, akrobata, dantzari, musikari, kirolari, artista plastiko, aktore, malabarista eta bertsolariek hartuko dute parte.

20:16etan, “Hiriburutza-urtearekin” bat egitean, festa batekin emango diote bukaera egunari.