argia.eus
INPRIMATU
Arte eszenikoen goi mailako eskolak bizi duen "zalantza egoera" salatu dute
  • Euskal Herrian Arte Eszenikoen (arte dramatikoa, dantza eta eszenoteknia) Goi Mailako Eskola sortzearen aldeko Plataforma osatzen duten kultur eragileek, proiektuak bizi duen "zalantza egoera" salatu dute komunikatu baten (pdf) bitartez, "eskolaren sorrera ahalbidetuko zuen proiektuaren eta obren lehiaketak izan duen geldialdiaren harira, azken aldian argitaratutako berriengatik".

ARGIA @argia 2012ko abenduaren 21a

"Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek duela bi urte baino gehiago hartu zuten konpromisoa proiektu hau 2012-2013 ikasturtean irekitzeko, eta uste dugu epealdi horretan egon ahal izan diren zailtasunek ez dutela justifikatzen hitzartutako epeak ez betetzea", diote komunikatuaren sinatzaileek. "Are gehiago, duda egiten dugu, 2013-2014 ikasturtean ere proiektua gauzatuko ote den; horixe izan zen arren, aurtengo maiatzaren 15ean egindako Legebiltzarreko bileran aipatutako data".

Pasa den martxoan ere, proiektuaren inguruko kezka azaldu zioten Plataformako kideek Isabel Celaá Hezkuntza sailburuari. Orduan bezala, "lanean jarraitzeko borondatea" azaldu dute, "ahalik eta denborarik laburrenean" Goi Mailako Eskola errealitate bat izan dadin: "Horretan aritu gara azken zazpi urte hauetan Hezkuntza Sailarekin izan ditugun etengabeko elkarlan eta elkarrizketekin, eta horretan jarraitzeko asmoa daukagu. Badakigu bizi dugun koiuntura ekonomikoa ez dela aproposena, baina  sektoreko gehiengoaren babesarekin beharrezkoak diren adostasunetan sakontzeko konpromisoa hartzen dugu, proiektua ahanzturan geratu ez dadin".