Lasterketa solidarioa bularreko minbiziaren kontra. Ideia paregabea, minbizia borrokatuko dugu korrika eginez. Ala minbizia dutenen alde ari gara korrika? Ez da oso argi geratzen hamarnaka markaren babesean antolatzen diren martxa horien helburua, mezua arrosa bai, baina oso argia ez baita. Errealitate hau ezkutatzen du: dortsalaren prezioaren zati txiki bat bideratzen da minbiziaren ikerketara, eta gainerakoa, arrosaz margotutako enpresa horiek erabiltzen dute. Urriaren 19an bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko egunaren harira sortzen den pinkwashinga salatu du Izan Iñurri elkarteak, minbiziaren akonpainamendu eta formazio feminista eta eraldatzailea eskaintzen dituen elkarteak.
Martxoan morez eta ekainean ortzadarraren kolorez margotzen diren marka eta instituzio berberak urrian itxuraz aldatu dira, irudia zuritzen jarraitzeko: arrosa-arrosa bihurtu dira. “Gure diagnostikoa, bularreko minbizia, ez da arrosa; beste minbiziak ez dira arrosak, zergatik emakumeona bai?”, galdegin dute Iñurriko kideek, beste elkarte batzuekin batera sinatutako manifestua aurkezteko. Sinatzaileek minbizia jasan dute, jasaten ari dira, edo gaixotasunak hil duen norbait agurtu dute; ez dago lazo arrosarik haien min fisiko eta emozionala arinduko duenik. Itxurakeriaz nazkatuta daude, ez dute errukirik nahi, eta “ausartak” edo “borrokalariak” direla esateak ez ditu sendatuko. Argi dute zer behar duen gero eta diagnostiko gehiago dituen jendarte honek: osasun publiko unibertsala, konpromiso politikoa, ikerketa, prebentzioa, metastasian fokua jartzea, arreta integrala –fisioterapia, nutrizioa, sexologia eta arreta psikologiko doako eta espezializatua barne hartzen dituena–, eta gaixotzen gaituzten substantzia toxikoak debekatzeko neurri politikoak hartzea.
Bai, jaten, arnasten eta azalean erabiltzen ditugun hainbat produktuk substantzia toxikoak eta minbizi eragileak dituzte, Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburuan azaltzen duen bezala. Disruptore endokrinoak dituzten produktu horietako batzuk Estée Lauder kosmetiko taldekoak dira (Clinique, Mac, Smashbox...), azken sei urteetan zenbait ikerketak eta salaketak ohartarazi dutenez. Bada, lotsa eta errespetu gutxirekin, enpresa horren kanpaina arrosak harro dio 30 urte daramatzala “bularreko minbizirik gabeko mundu baten alde” lanean. Bikaina da negozioa: minbiziaren ikerketara dirua bideratuko dutela aldarrikatuta makillajea saldu, irabazi horiekin aberastu –kopuru irrigarri bat besterik ez baitute bideratzen ikerketara, marketin hutsa da–, eta substantzia kantzerigenoak dituzten ezpainetakoak sortzen jarraitu. Kasualitatea izango da emakumeei bideratuta daudela produktu horietako gehienak.
Iñurri elkartetik eskatu dute markei dirua oparitu beharrean, zuzeneko dohaintzak egiteko. Urriaren 19an Bilbon eta Donostian elkartuko dira Bularreko minbizia ez da arrosa lelopean manifestatzera. Marea arrosan erori ordez, titi bakar, burusoil, ile-ordedun eta orbandunen aldarrietara batzeko eguna izango da.