argia.eus
INPRIMATU
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik
  • Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz gogoetatzeko. Arrosa bizirik dago".

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 02a
Esan Erran irratiko kideak.

Hogeitasei kide ditu Arrosa sareak, eta urteroko ohiturari jarraiki, topaketak egingo dituzte. XI. jardunaldiotan, goizeko 11etan jarri dute hitzordua, Jauntsarasko Apeztegiberri ostatuan, eta kafea hartu ostean, bi taldetan banatuko dira. Dialeko azkenak dokumentalaren aurre-estreinaldia eta solasaldia izango da batean; Esan Erran irratiaren 25 urteen ingurukoa da dokumentala. Beste taldeak irratiaren automatizazioari buruzko tailerra jasoko du. Poteoa, herri bazkaria eta karaokea izango dira ondoren. Bazkarian izena emateko, 619 643 126 telefonora deitu edo idatzi behar da, apirilaren 10a baino lehen.

“Euskal Herrian bada zer entzun!” aldarrikatuz hogei urte baino gehiago egin dituzte dagoeneko Arrosa sareko irratiek. Sare honetan, askotariko irratiak biltzen dira: irrati libreak, udal irratiak, (herrialdeko irratiak) eskualde mailakoak, irrati nazionalak… "Guztiok barnebiltzen gaituena, baina, euskara da. Gure irratietan euskararen presentzia elkarlanari esker areagotu eta bultzatzeko helburuak batzen gaitu", diote. Nabarmendu dute Zebrabidea magazina egiten jarraitzen dutela (astelehenetik ostiralera, arratsaldero), Euskal Herri osora begira ekoizten den interes orokorreko magazina, Ekhine Zapiain eta Sara Iriartek gidatuta.

Euskararen egoera eskualdean zehar desberdina izan arren, Esan Erran, bere txikitasunetik, bailarako hizkuntza paisaia euskalduntzeko lanean ari da

Esan Erran

Herritar talde batek auzolanean euskara hutsean emitituko zuen irrati txikia martxan jarri eta hala sortu zen Esan Erran, 1998an. Zazpi udalerrik osatzen dute Esan Erranen eskualdea: Imotz, Basaburua, Ultzama, Atetz, Odieta, Anue eta Lantz. “Eta, euskararen egoera eskualdean zehar desberdina izan arren, Esan Erran, bere txikitasunetik, bailarako hizkuntza paisaia euskalduntzeko lanean ari da urteetan”, azpimarratu dute Arrosako kideek.

2012an, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak moztu zizkion, irratiko langile bakarra langabeziara joan zen eta irratia isiltzeko saiakeratzat hartu zuten. Horren ondoren, gazte talde batek asteroko saioak egiten mantendu zuen emisioa. 2013. urtean, laguntza ekonomikorik gabe baina ilusioz, emisio probak berriro abiatu eta urte bukaerarako 24 orduz eta asteko zazpi egunetan emititzen hasiak ziren.