Arrigorriagan baietz 365!

  • "Egia Euskaraz" estiloak zabaltzen jarraitzen du, oraingoan Arrigorriagara heldu da. Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! ekimena hartu dute eredutzat eta lanean hasiak dira dagoeneko. ARGIAko erredakziora haien ekimenaren berri emanez idatzia bidali digute.


2016ko azaroaren 15an - 08:47

Arrigorriagan 35 urte baino gutxiago duten herritarren %80 euskalduna edo ia-euskalduna da, baina euskararen erabilera ez da %10era heltzen. Azken urteotan euskaldun kopurua sano hazi den arren, erabilerak ez du gora egin. Argi dago, hizkuntzaren ikuspuntutik, helmugatik urrun gaudela.

Herritarrek hizkuntz eskubide eta aukera berdinak izan beharko genituzke erdara eta euskara erabiltzeko, baina, batzuetan, euskal hiztunok ez dugu euskaraz jarduteko aukera praktikorik, eta, beste batzuetan, iraganeko inertziek moldatzen dute gure hizkuntz portaera, eta ez gara ausartzen euskara erabiltzera. Hori eremu intimoetan (familian, lagun artean…) gertatzen zaigunean, zaila egiten zaigu egoera gainditzea. Horregatik antolatu zuen Abarrak Euskara Elkarteak ZUREKIN EUSKARAZ estimu handian zaitudalako tailerra, Gemma Sanginesen eskutik.

Tailerra oso emankorra izan zen. Gure iritzian, Gemmaren lorpen handiena izan zen taldearen ilusio kolektiboa berpiztea: gure nekeek, kezkek eta desengainuek lekua utzi zioten ilusioari, eta lanari ekin genion. Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! hartu genuen eredutzat, baina geurera egokitu behar izan genuen. Izan ere, gu hogei lagun ginen, gogotsu bai, baina ez geneukan ezer landuta; hala eta guztiz ere, aurrera egitea erabaki genuen, eta herria aktibatzeko ekimena sortu genuen: Baietz365!.

Gurean, euskara erabiltzeari bai esatea proposatu dugu: batzuek NIK BAI! txapa eramango dugu, esateko euskaraz egingo dugula lagunak ulertzen duenean; besteek NIREKIN BAI! txapa eramango dute, adierazteko ondo hartzen eta ulertzen dutela euskara, batzuetan, halabeharrez, erdaraz erantzun arren. Joan den astean hasi ginen eta erronka bota dugu herrian: baietz 365 lagunek hizkuntz portaera aldatu Euskararen Egunerako. Jakina, helburua da urteko 365 egunetan eustea hizkuntz jokabide berriei.

Goiz da ezer baieztatzeko, baina ekimena ondo hartu izan den zantzuak ikusi ditugu leku guztietan: enpatia handia, elkarlanerako gogoa, euskara sustatzeko nahia, eta, batez ere, ilusioa. Lanari ekingo diogu hurrengo asteetan herrian euskara erabiltzea errazagoa izan dadin. Eskerrik asko bidea erakutsi diguzuen guztioi!

Baietz365! lagun-taldea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egia eredua
Ikasle gaztelania-hiztunak 48 orduz galegoz

Galiziako Oleiros udalerriko María Casares ikastetxe publikoko ikasleak dira. 12 eta 17 urte arteko 600 ikasletatik inork ez du eguneroko hizkuntza galegoa. Maiatzean erronka jo zuten hainbat irakaslek eta ikaslek: ea gai garen 48 orduz galizieraz aritzeko. 200 ikaslek... [+]


Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperimentua

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egingo da 11 egun euskaraz ekimena. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaleen Topagunea dira antolatzaile.  Beren datuen arabera,
60.000tik gora pertsonak eman du izena.


2018-10-28 | Igor Agirre
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena
800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan

Ezohiko egitasmoa dute martxan Hernanin otsailetik: urte amaierara bitarte, orain arte dituzten hizkuntza ohiturak irauli eta harremanak euskarara ekartzeko ahaleginean ari dira ehunka herritar. Hilero, 100 norbanako gehitzen dira ekimenera eta dagoeneko 800 herritarrek baino... [+]


Nerea Redondo, euskaraz bizi den egiatarra
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko"

Nerea Redondo eta bere ahizparen asmoa triatloia probatzea zen. Hala gerturatu ziren ekainaren 23an Donostiako X. Emakumezkoen Triatloira. Epailearen hitzek harri eta zur utzi zituen: “Por mis cojones que vais a hablar en castellano”. Alegia, bi ahizpen artean... [+]


Ekimen aitzindaria
Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari

Lehenengo ehun erronkalariak otsailaren 3an hasiko dira. Gaztelaniaz dituzten harremanak euskarara ekartzen saiatuko dira. Hilero ehun pertsona gehitzea da helburua. Hala, 2018an 1.100 hernaniarrek hartuko dute parte aurrekaririk ez duen erronkan.


Eguneraketa berriak daude