Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera jokatzen dutela.
Irunen egindako elkarretaratzean, arrazakeriaren gorakada salatu dute hainbat kolektibok. Azkenaldian kartel xenofoboak agertu dira kaleetan, eta migratzaileak helburu dituzten eraso eta mehatxuak ugaritu dira Berriak jaso duenez. Arrazakeriari ez, ez hemen, ez inon lelopean antolatutako protestan parte hartu zuten hainbat herritar eta mugimendu antifaxistek kezkaz ohartarazi dute, "auzo patruilak" sortzen ari direla Irunen, pertsona arrazializatuen aurka egiteko.
Patruila horietan pertsonak itxuraren edo jatorriaren arabera seinalatzen eta jazartzen dituztela salatu dute. Kolektiboek udalaren pasibotasuna ere salatu du SOS arrazakeriak komunikatu batean, eta diote udalak ez duela ahaleginik egiten patruilekin amaitzeko diote eta "inpunitate osoz jarduten" dutela.
Irungo Harrera Sarea 2018an sortu zenetik, ehunka migratzaile artatu dituzte. Elikadura, arropa, arreta juridikoa eta informazioa eskaintzen dituzte egunero, eta hainbat ekintza egiten dituzte, hala nola hitzaldiak eta kale-ekintzak. Hainbat kolektibok hartu dute parte elkarretaratzean: SOS Arrazakeria, Larreandi-Olaberria Auzo Elkartea, Lakaxita gaztetxea, Bor-Bor kolektiboa, Antxeta Irratia, LAB sindikatua, Sortu, Moskuko jaien asanblada, Ernai, Irungo Antifaxista, Donostiako Hiritarron Harrera Sarea, Basajaun Elkartea eta Kaleko Afari Solidarioa.