argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriaren aurkako mobilizazioak Donostia, Bilbo eta Gasteizen
  • Europako Parlamentuari migrazio politikak alda ditzan eskatzeko Trintxerpetik Donostiarainoko bidea egin zuen 800 pertsona inguruk igandean.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 24a
"Zirkulatu:Europa zabal baten alde" manifestazioa igandean Donostian. (ARG: Hitza)

 “Zirkulatu: Europa zabal baten alde” SOS Arrazakeria taldeak antolatutako 17. Martxa izan da. Bertan “ultra eskuineko korronte populistak” hartzen ari diren jarrera xenofobo eta arrazistak nabarmendu zituzten.

Antolatzaileek azaldu zuten eskuin muturraren jokaerek “jendearen bizi baldintza txarrak eta zailtasunak etorkin langileen aurkako areriotasunean kanalizatzea” eragiten duela.

Ultra eskuineko alderdiek eta muturreko korronteek “etorkinak legalki diskriminatzeko” politikak hitzematen dituztela salatu zuten antolatzaileek. “Langileria autoktonoa babesteko” neurriak agintzen dituztela gaineratu zuten, eta horrek “herritar ororen bizitza sozial eta politikoan” eragina du beren ustez.

Europar Batasuneko zenbait alderdi kontserbadorek proposatutako legeak ere jomugan izan zituzten manifestariek: “Europar herrialdeetan europar biztanleei mugimendu askatasuna jatorriaren arabera mugatzea neurri guztiz antidemokatikoa da”, adierazi zuten, eta herritarrei era horretako neurriak baztertzeko deia egin zieten. Bai alderdi “neo-populistek” proposatzean eta baita gobernuek “pertsona horiekin” bat egitean ere.

Mobilizazio gehiago Euskal Herrian

Bilbon arrazakeria eta faxismoaren aurkako aldarria egin zuen ehunka pertsonak Inoiz gehiago ez! plataformak abiarazitako igandeko mobilizazioan, eta Euskal Herrian eta Europan ultra eskuina hartzen ari den indarra salatu zuten.

Sortu berri den talde anti-faxistak “krisiak eta gizarte batasun ezak eraginda, Europako eskuin-muturraren gorakada guztiontzako errealitate eta mehatxu bat” dela ohartarazi zuen.

Nafarroako SOS Arrazakeria taldeak arrazakeriaren aurkako astea antolatu du: martxoaren 25etik 29ra hitzaldi, dokumental eta aurkezpenak egingo dira Iruñako alde zaharrean.