Martxoaren 21ean, Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, manifestazioa egin dute ehundaka lagunek Gasteizen, Arrazakeriaren Kontrako Plataformak deituta. Aste osorako ekimen gehiago antolatu dute.
Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Aldabe Gizarte-etxetik abiatu dira, aste osoko dinamika baten barruan antolatutako mobilizazioan. Arrazakeriari planto, eskubide berdinak lelopean, Arrazakeriaren Kontrako Gasteizko Plataformak deituta, beste hainbat eragilerekin batera atera dira kalean, tartean, Goian, CEAR edo Sareak Josten.
Amaierako ekitaldian, arrazakeriaren aurkako “fronte” bat osatzeko deia egin dute. Besteak beste, faxismoari aurre egitera eta errefuxiatu zein migratzaileen eskubideak errespetatzera deitu dute. Azkenik, gogoan izan dituzte Zelanda Berrian faxismoak hildako lagunak, eta minutuko isilunea egin dute hauen omenez.
Hala ere, astea ez da manifestazioarekin amaitu: ostiralean kirol-ekintzak egongo dira 17:00etatik aurrera Landatxon eta larunbatean, 17:00etatik aurrera, jaialdia Correos plazan, hainbat tailer eta kontzertuekin (Codigo Habana eta Kultura Reggae Band) eta flashmob batekin.
Albiste hau Hala Bedi Irratiak egin du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.