%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.
Espainiako Barne Ministerioak argitaratu berri duen txostenean azaltzen denez, 2024an, Espainiako Estatuko segurtasun-indarrek 1.955 gorroto-delitu eta gertakari erregistratu zituzten. %13,8ko jaitsiera izan zen salaketetan 2023arekin alderatuta (2.267 kasu orduan), pandemiaren osteko goranzko joerarekin apurtuta.
Arrazakeria izan zen 2024an erregistraturiko kasuen motibazio nagusia, 804 gertaera jaso baitziren (guztizkoaren %43,73). Nahiz eta kopuru hori %6 txikiagoa izan 2023ko 856 kasuekin alderatuta, kategoria nagusia izaten jarraitzen du gorroto-delitutzat jotakoen artean. Dena den, azken asteetako berriekin bat etorririk, txostenean bertan aipatzen denez, jaitsiera hori ez dator bat benetako beherakada batekin. Kontrara, diskurtso arrazistak normalizatzearekin batera, erasoen beraien normalizazio baterako joera ikusi da, eta salaketa kopurua jaitsi egin da.
Arrazakeriaren eta xenofobiaren atzetik, iaz, gorrotoari loturiko gertakarien arrazoi nagusien artean jarraitu zuten sexu-orientazioagatiko diskriminazioak (528 kasu, %27,57), sexu- eta genero-diskriminazioak (181 kasu, %9,62) eta ideologiaren ondoriozko jazarpenak (147 kasu, %7,77). Bereziki deigarria da, beraz, zenbait eskuineko alderdi edo eragilek esan dezaketenaren aurka, arrazakeriari edo sexu/generoari loturiko gorroto-delituek guztizkoaren %80 baino gehiago hartzen dutela.
"Antisemitismoak" eta aporofobiak gora
Txostenak bi goranzko joera azpimarratzen ditu iazko datuetan. Alde batetik, antisemitismo-kasuak %60,87 hazi zirela ikusten da; 2023ko 23 kasuetatik 2024ko 37 kasuetara. Hala ere, erregistraturiko kasuen hazkunde hori kolokan dago nolabait: Palestinaren aldeko zenbait aldarri era interesatuan kriminalizatzeko erabili da ekintza batzuk "antisemitismotzat" jotzea.
Bestetik, aporofobia (txiroekiko gorrotoa) %33,3 handitu zen 2024an. Hazkunde hori, gainera, bereziki esanguratsua dela aipatzen da azterketan, izan ere, salaketa gutxien jartzen duten biktimen artean dago giza-sektore hau. Horrez gain, Espainiako Barne Ministerioak lehen aldiz jaso behar izan ditu islamofobia kasuengatiko salaketak txostenean: gutxienez hamabost izan dira.
Aurreko urtean erregistroetan sarturiko 1.973 biktimen artean, zauriak (385 kasu), mehatxuak (358) edo mota ezberdinetako diskriminazioa (217) jasan zituzten. Gertakari horiek kalean izan ziren nagusiki (715 kasu), eta hurrengo lekurik ohikoenak izan ziren etxebizitzak (417) eta bestelako eraikinak (360). Intzidentzia-tasarik handiena Nafarroan atzeman zuten, eta baxuenak, aldiz, Andaluzian eta Galizian.