Kontxako estropadara arte ez al da besterik? Arraunlarien denboraldia ez da irailean hasten, bukatu baizik... eta hasi, azaroan hasten da. Irailera arte estropada mordoa egin behar izaten dituzte, urteko garrantzitsuenera sasoi onean iristeko. Hala ere, kontuan izan behar da zortzi talde bakarrik sar daitezkeela; gainontzeko guztiak kanpoan geratzen dira. Badirudi jendea irailean oroitzen dela arraunaren existentziaz, eta orduan bai, denok gara donostiarrak, sanjuandarrak, hondarribiarrak.... baina ordura arte, nor joaten da estropadak ikustera?
Aste Santutik bueltan aukera paregabea duzue oporraldia eta gero estropadaren bat ikustera joateko! Otsailaren hiruan hasi zen batelen denboraldia eta orduz geroztik astebururo egon dira estropadak. Euskadiko Txapelketa Bizkaian izango da apirilaren 22an eta Espainiako Txapelketarako sailkatzen direnak hil bereko 29an izango dute zita Galizian. Bestalde, batelen estropaden ostean trainerillenak datoz, eta hauen ondoren traineruenak. Jada egin dira traineruen jaitsiera batzuk, Orion, adibidez, test moduan; baina denboraldia uda hasieran hasten da. Urte osoan zehar animatu behar da, eta ez Kontxan bakarrik, ordurako egin beharreko ia guztia egina baitute.
Modalitateei dagokionez, bi arraunketa mota daude: tostako arraunketa eta arraunketa olinpikoa. Manu Etxeberriak Arraunikasi.com web gunean ondo azaltzen duen moduan, modalitate bakoitzean erabiltzen diren ontziak eta teknikak desberdinak dira, baita ontzien ezaugarriak ere. Arraunketan gorputzeko gihar gehienak lantzen dira, eta are gehiago arraunketa olinpikoan, eserlekua mugitzen denez, beso eta hankak gehiago garatzen direlako.
Kirol hau pertsona handi eta gihartsuekin lotu izan dugu beti, baina ez da hala. Indarra faktore garrantzitsua da, baina teknikak ere zeresan handia du kirol honetan eta momentu okerrenetan buruarekin jokatzea ezinbestekoa da. Estropadako azken metroetan besteek aurreratzean ezin da burua galdu, une horretan atera behar dira indarrak aurrera egiteko. Gogorra da, egia, baina indarra ez da faktore garrantzitsu bakarra. Kirol honek taldea asko lantzen du: denbora asko pasatzen dute elkarrekin entrenamenduak egunero edo ia egunero direlako, kontzentrazio dezente egiten direlako, txapelketetan ere elkarrekin daudelako... Aste Santuan aprobetxatzen dute talde askok euren teknika hobetzeko entrenamendu intentsiboak eginez goiz eta arratsaldez.
Eta emakumeak, non daude? Ezezaguna da emakumeen lana arraunaren munduan. Arraunketak eta emakumeak tradizio eta sustrai komunak dituzte Euskal Herrian. Aspaldiko garaiei erreparatuz, aurrekari moduan, Pasaiako emakume arraunlariak daude. Hala ere, arraunketaren aro modernoan, 1970. urtetik gaur egunera, modalitate olinpikoa izan da nagusi emakumearen jardueraren birsortze aldian. Azkenaldian emakumeen traineruek ere lehiatu izan dute eta emaitza onak lortu dituzte, hondarribiarrek esaterako. Arraunketa olinpikoan ere oso emaitza onak lortu izan dituzte emakume euskaldunek (Evo Mironesek bereziki), baina horren berri ez da ematen eta horregatik da hain ezezaguna arraunketa mota hau.
Ea aurtengo denboraldian polemika gutxi entzuten ditugun eta estropada politak ikus ditzakegun!