argia.eus
INPRIMATU
Arrasateko Alternatiben Azoka, kapitalismotik harago bizi nahi dutenen erakusleiho
  • Alternatiben Azoka antolatu dute Arrasaten, apirilaren 20an, 21ean eta 28an. “Enpresa kapitalisten logikatik at dauden enpresei ahotsa emateko” espazioa sortuko dute antolatzaileek, eta kooperatibismoarekin, ekonomia sozial eraldatzailearekin eta bestelako balioekin lan egiten duten elkarte eta enpresak gonbidatuko dituzte. Tartean ARGIA izango da.          

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 18a
Arrasateko Alternatiben Azkokako kartela (Arg: AGAKO)

Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak (AGAKO) hirugarrenez antolatu du Arrasateko Alternatiben Azoka. Aurtengoan, formatu berriarekin dator. Hiru egunez egingo da, eta tailer praktikoak, hitzaldiak eta mahai-inguruak eskainiko dira.

“Pertsonak eta gure bizitzak zentroan jarri nahi ditugu, eta bide horretan lanean dihardutenen bozgorailua izatea nahi dugu”, azaldu dute antolatzaileek prentsa-ohar bidez. Egitarau zabala antolatu dute horretarako: apirilaren 20an, ostirala, osasunaren inguruko mahai-ingurua egingo da Gaztetxean. Euskal Herriko Bilgune Feministako Osatze Feminista lantaldeko kide bat eta Gatazka Koletiboko kide eta Drogas capitalismo y movimientos radicales liburuaren egile Aitor Aspuru izango dira mintzakide. “Gure osasunaren gaineko kontrola nola galdu dugun, gure gorputzen gain jazartzen diren indarkerietaz eta autonomia berreskuratzeaz” hitz egingo dute.

Larunbata Azokaren eguna izango da. Sebero Altube Plazan egingo da, eta banatzaile ugariren postuak jarriko dituzte bertan. Tartean, DDT banaketak, La Gallina Vasca, Ekintza Zuzena eta Musika Zuzenean. Horren ondotik, mahai-inguru bat egingo da Kulturarteko Areto Nagusian, goizeko 11:30ean. Kontrainformazioaren inguruan arituko dira ARGIA, El Salto-Hordago, Klitto eta Hala Bedi hedabideetako kideak. Komunikabide handien “egiak” deseraikitzeaz, kontrainformazioaren mugez eta txikien arteko indar metaketaz arituko dira.

Arratsaldeko 17:00etan Ekintza Zuzen burokratikoen txanda izango da, Kulturarteko Areto Nagusian. Goiener, Setem, Nortlan, Fiare eta Izarkom-ek euren proiektuak aurkeztuko dituzte.

Azkenik, apirilaren 28an, Kataluniako Prozesu Independentista izango da berbagai Arrasateko Gaztetxean. CUPeko Maria Sirvent eta CDRko hainbat kide izango dira. Herrigintzatik Errepublika eratzeko prozesua nola egiten ari diren kontatuko dute.