Eusko Jaurlaritzak PCR testak egingo dizkie arrantzaleei: itsasoratu baino lehen lurrean daudenei, eta porturatu baino lehen, dagoeneko itsasoan direnei.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, arrantzaleei PCR testak egingo dizkie, "funtsezko jarduera ekonomikoa delako eta lan hori gauzatzeko langileek dituzten baldintzengatik: lana espazio mugatuan egin behar dutelako eta arrantza egiteko behar dituzten maniobrengatik".
Garai honetan baxurako ontziak antxoaren arrantzaldian murgilduta daude. Beraz, Jaurlaritzak kai inguruan dabiltzan Gipuzkoako ingurasareko "flota osoari" egin dio testa eta guzti guztiek negatibo eman dute. Azterketak Hondarribiko, Getariako eta Pasaiako kofradietako 545 arrantzaleei eta lonjetan lanean ari diren beste 29 profesionalei egin dizkiete.
Maiatzaren 1ean eta 2an test horiek Bizkaiko kofradietako lonjetako profesionalei eta arrantzaleei egitea espero du Jaurlaritzak. Guztira 110 test izango dira, 7 ontzitako profesionalei egiteko.
Apirilaren 28an Pasaiako Egunabar bakailao-ontziko 26 tripulatzaileei egingo diete testa, aste honetan Pasaiako portutik Norvegiara eta Ternuara irtengo baitira lau hilabeteko marea egitera.
Asteburuan Frantziako iparraldeko kostaldean arrantzan ari diren arraste-ontziak sartuko dira Ondarroako portuan. Oinarri-portua Ondarroan duten 12 ontzitako 120 tripulatzaile dira. Arrantzale horiei PCR azterketa hurrengo marea hasi aurretik egingo diete.
Maiatzean, bigarren hamabostalditik aurrera, Hegaluzearen arrantzan diharduen 250 arrantzale inguruk osatutako ontzidia mailaka itsasoratuko da. "Oso marea luzeak direnez eta batzuen eta besteen artean etenaldi txikiak daudenez, ontziratze bakoitzaren aurretik, tripulazioari PCR testak egitea aurreikusi da".
Modu berean jardungo da ekainaren amaiera aldera Hegaluzearen arrantzaldia egingo duten 600 arrantzaleekin.