argia.eus
INPRIMATU
Arrantza eremuen eta epeen murrizketen aurka protestan dira Lapurdiko arrantzaleak
  • Baionako portua blokeatu dute martxoaren 29an eta bezperan arrainak kitorik banatu zituzten herritarrei. Bioaniztasunaren alde harturiko hainbat neurri deitoratu dituzte, beraien aktibitatearen murrizketa dakarrelako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko martxoaren 31
Baionako portua blokeatu dute arrantzaleek, murrizketak salatzeko asmoz. Argazkia: France Bleu

Itsaso zabaleko bioaniztasunaren alde doan erabakia beraien kaltera doala diote Lapurdiko arrantzaleek. Mezu hori zabaldu dute aste honetan Baionako zein Donibane-Ziburuko portuko arrantzaleek, hainbat ekintzaren bidez. Portuen blokeoak eta arrainen ordainik gabeko banaketak, arrantzaren sektorea oztopatzen dute xede, Frantziako Gobernua interpelatzeko gisan.

Arrantza iraunkortasunarekin errimatzeko neurriak bideratu berri dituzte Frantziak eta Europak: iazko irailean Europako Batzordeak jakitera eman zuen Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdeko 16.400 kilometroetan itsas-peko arrantza debekatua izanen zaiela. 2030erako Europako uren %30ari zabalduko zaio neurria.

Arrantzatzerakoan gertaturiko zetazeoen ustegabeko harrapaketak murrizteko helburuz, Bizkaiko Golkoan arrantza debekatzeko neurria ere hartu berri du Frantziako Estatuko Kontseiluak. Zehazki, ondoko bost urteetan urtarrilaren 15etik martxoaren 15era debekatua izanen dute arrantzatzea bertan. Ingurumenaren alde dabiltzan Gobernuz Kanpoko Erakundeek eskatzen zuten neurria. Estatu Kontseiluaren arabera, izurde arrunt zein handi eta itsas urdeen biziraupena arriskuan jartzen dute nahigabeko harrapaketek.

Murrizketa horiek, ordea, arrantzaleen desagerpena dakartela deitoratzen dute aste honetan protestan egon direnek. Ondoko egunetan ere biderkatuko dituzte ekintzak, Lapurdin zein Frantziako Estatuko beste portuetan ere.