Joan den ostiralean Bilboko Arangoiti auzoan labanaz esbastika bat grabatu zioten gazte bati.
Orain arte erasoaren inguruko salaketa instituzionalik ez zegoenez, Udal Batzordea eskatu dute EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok.
Alabaina, Bizkaiko hiriburuko Udal Gobernuak nahiago du Ertzaintzak gertakariari buruzko txostenean dioena esku artean eduki arte. Bien bitartean ekintzarik ez dute abian jarriko EITBren webguneak argitaratu duenez.
Erasoa jasan duen gazteari elkartasuna
EH Bilduko bozeramaile Aitziber Ibaibarriagak elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen gazteari.
Ibaibarriagak gaineratu du eraso hau ez dela isolatutako gertakaria izan. Azken garaian “pintaketa ugari egin dira Deustuko Herriko Tabernan, Gazte Lokalean eta etorkin eta etxerik gabekoei laguntza ematen dien Lagun Artean elkartean”. Arazo honi “lehenbailehen heltzeko dagoen premia” nabarmendu du.