argia.eus
INPRIMATU
Arrakalez

Cira Crespo @maternalias 2023ko urriaren 16a

"Oso ondo, oso ondo" esaten dio bere buruari Samuelek, nire etxeko ateak jartzen ari den bitartean, horrela, euskaraz. Berak ez omen daki euskaraz, baina esaldi batzuk erabiltzea gustatzen zaio, nonbait. Gero, dei bat jaso du eta batere ulertzen ez dudan hizkuntza batean aritu da. "Barkatu atrebentzia, Samuel, baina galdetu ahal dizut zein hizkuntzatan ari zinen hitz egiten?". "Kitxua da. Ni indigena naiz", esan du, konbentzimendu handiz.

Gaur ama ukraniar horrekin hitz egin dut. Bere senarra bielorrusiarra da, beraien artean errusieraz mintzo dira, antza. Orain triste dago, bere herriaren, eta bere familiaren etorkizunak kezkatuta. Duela aste bat, berriz, beste ama batekin aritu nintzen, musulmana bera. Katalunian jaioa zen, ni bezala. "Baina katalana, euskara baino errazagoa da" esan zidan, irribarre batekin, beti irribarretsu dagoelako. Alabaren beste ikaskide baten beste ama bat telefonoz valentzieraz hizketan ere aditu dut; laguna egin nahiko nuke, berarekin katalanez mintzatzeko, baina ez naiz ausartzen; batzuetan, lotsatia naiz eta. Arratsaldean, alaba nagusiak esan dit mutiko berri bat etorri dela institutura, Costa Ricatik. Alabak kontatzen dion guztiari honela erantzuten dio: "Ah, OK!", aurpegian keinu bat eginez. Biziki maite du alabak mutil honen entusiasmoa.

"Egun batean, ez dakigu noiz, edo non, edo zein izan zen, hemengo familia euskaldun bateko seme-alabaren bat Gasteizko azken euskaldun bilakatu zen"

Azken estatistikek diotenez Gasteiz da, Euskal Herrian, Europar Batasunetik kanpoko migratzaile gehien daukan hirietako bat. Berez, migratzaileak, izan, zenbakietan emandakoak baino gehiago dira, baina ez dira estatistiketan agertzen. Nik, adibidez, ez dut estatistika horietan parte hartzen, baina ez naiz hemengoa, eta beste hizkuntza bat daukat, nik ere. Hemen, gure zauriz betetako gorputzekin, guztiok elkartzen gara (torturatuak, kolpatuak, ilunak, errepresaliatuak, beldurtiak, lotsatiak, ausartak, nekatuak, alaiak, urrunak, gertukoak, eta abar, eta abar). Zauri batzuk odoltsuak dira, oraindik; beste batzuk, ordea, urradurak besterik ez.

Eta, jakina, elkartzen garen hiri hau ere arrakalez beteta dago. Gu iritsi ginenerako, adibidez, ordezkapen linguistikoa bururaino eramana zegoen. Egun batean, ez dakigu noiz, edo non, edo zein izan zen, hemengo familia euskaldun bateko seme-alabaren bat Gasteizko azken euskaldun bilakatu zen, bertako euskalkian mintzatzen zen azkena izan zen; hemengo abestiak, hemengo esamoldeak jakingo zituen azkena. Ez zen bat-batean gertatu, baina irudikatu dezakegu (prozesua beti antzekoa izaten delako) familia hartan, momentu batean, hitz egiten zuten hizkuntza jada ez zela baliogarria izan, ez zela bestea bezain baliotsua.

Azken emakume hark, azken gizon hark, nahigabea sentituko zuen, agian, edo ondoez sor moduko bat, edota deserosotasun sotil bat. Artean, ez zekien ez zela beranduegi. Handik ia bi mende geroago, Ameriketatik etorritako arotz kitxuak Gasteizko etxe batean, ateak jartzen zituen bitartean, "oso ondo, oso ondo" esango zuen, eta katalan honek oso ondo ulertuko zituen hitzok.

 

Badago nondik jaso eta badago zer geroratu,

hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu.