argia.eus
INPRIMATU
Affeksjonverdi (Sentimental Value)
Arrakala bat etxean
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 19a

Zaila izan ohi da, Zinemaldian horrenbeste pelikula ikusteko garaian, egutegia ondo antolatzea. Sail ugaritako filmak aukeratu, gustukoak izango zaizkizunak bilatzen saiatu, egunak eta orduak ondo itxi... Tartean, ordu galduren bat betetzeko, atentzioa eman ez dizun lanen bat ere sartu behar izaten da, eta horixe izan da niretzat Affeksjonverdi (Sentimental Value). Askotan, ordea, espero ez duzun tokian film ederrak agertu daitezke.

Lan honetan, Nora (Renate Reinsve) eta Agnes (Inga Ibsdotter) ahizpak beren Gustav aitarekin (Stellan Skarsgard) elkartuko dira berriz, amarengandik dibortziatu zenetik ez baita presente egon haien bizitzan. Amaren heriotza dela eta, atzera ere haien artera itzuliko da, etxea, izatez, berea delako. Gainera, zinegilea izaki, proiektu berri bat eskainiko dio Norari: bere film berriko protagonista izatea, beretzat idatzi duen papera antzeztea.

Filmak estilo konkretu batekin hasi du proiekzioa, off-eko ahots narratzaile batekin, Norak txikitan eskolarako egin zuen lan bat narratuz, hain zuzen etxeari ahotsa eman zion lana. Aukera estilistiko oso indartsua iruditu zait, ume baten ikuspegitik hasi baitu filma, eta gero ikuspegi errealistago batera aldatu. Etxeak pertsonen bizitzetan izan ohi duen eragina azpimarratu du, nola egiten duen etxeak bizitza, eta nola bizipenek etxea; baina astunegia izan gabe. Asko lagundu du horretan eszenografiak, hasiera-hasieratik argi ikusi dut bisualki film landua izango zela.

Aktoreen antzezpenak oso onak iruditu zaizkit, eta gidoia ere bai; azken eszenako kokalekuaren aukeraketak bereziki borobildu du guztia. Pelikulan zehar oso era sotilean erakutsi da aitaren faltak izan duen eragina, larritasuna azpimarratuz, baina ez zuzenean publikoaren begien aurrean jarriz, eta hori eskertzekoa izan da. Gainera, erritmoa ere ondo eraman du filmak: ez da izan ez oso motela, ez bizkorregia, eta hau puntu arriskutsua izan zitekeen, gaiaren garapena era okerrean egin izan balitz.

Azkenean, alderdi guztietan gustatu zaidan filma izan da, eta, hala ere, ezin dut esan izugarria iruditu zaidanik. Batzuetan, ikuslearekin konexioa sortzea kontu pertsonal eta konkretuegia izan ohi da, agian.