Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak iragarri dituzte. ARGIAk epaiketaren zuzeneko jarraipena egingo du.
“Desobedientzia ez da delitua, eskubide zibil beharrezko eta zilegia baizik”. Esaldi horrekin eman dio hasiera Amets Aranguren musikariak Absoluzioa Aroztegikoendako manifestuaren aurkezpenean, Iruñeko Katakrak gunean, dozenaka lagunez inguratuta. Sinatzaileen arabera, gauza “jakina” da hori, baina, hala eta guztiz ere, zazpi baztandar espetxeratuak izateko arriskuan daude “Aroztegiako pelotazoaren aurka” protesta egiteagatik. “Epaitegietan justiziarik egonen balitz, hori ez lukete onartuko”, ohartarazi dute.
196 sinatzaileen artean daude, besteak beste: Amaia Perez Orozco, Ana Galarraga, Aiora Renteria, Ane Lindane, Anjel Lertxundi, Bea Salaberri, Estitxu Eizagirre, Garazi Arrula, Filipe Bidart, Idurre Eskisabel, Jenofa Berhokoirigoin, Joseba Sarrionandia, Julio Villanueva, Mikel Albisu, Oinatz Bengoetxea edo Ximun Fuchs (sinatzaileen zerrenda osoa albistearen amaieran).
“Garapen eredu jasanezina”
Auziaren jatorrian dagoen proiektua gogorarazi dute: Palacio de Aroztegia enpresak Baztango Lekarozko herrian eraiki nahi zituen golf zelaia, luxuzko hotela eta 228 txaletak. Manifestuaren arabera, “bistan” dago “turismo eta adreilu” garapen eredu hori “jasanezina" dela. Lurrak birkalifikatuz “espekulazioa” bultzatu zela ere salatu dute.
Horren guztiaren aurrean “gure amaren etxea defendatzea ezinbertzeko” dela aldarrikatu dute.
Ahoan mozala, eskuetan giltzarrapoa
Baztango herritarrak proiektuaren aurka daudela gogoratu dute sinatzaileek, baina kontrakotasun hori adierazi eta garatzeko bideak oztopatu dizkietela.
Batetik, proiektua “UGEP moduan tramitatuz, erabakimena eta hitza kendu zaizkie: ahoan mozala”. Bestetik, 2021ean herritarrak beharrezko baimenik gabe jardun nahi zuten hondeamakinen aurrean eseri eta kanpaldia egin zuten, eta horregatik bortxa eta derrigortze delitua eta talde kriminala osatzea leporatzen diete: “Eskuetan giltzarrapoa”.
Urtetako espetxealdia eta bizi osorako zigor ekonomikoa
Zazpi auzipetuentzako orotara 20 urteko espetxe zigorra eta fidantzetan 56.000 euro eskatu dizkiete, baina epaiketan are gehiago dagoela jokoan azpimarratu dute. Azaldu dutenez, Palacio de Aroztegia enpresak 43 milioi euro eskatu dizkie Nafarroako eta Espainiako gobernuei proiektua bertan behera geratu izanaren “konpentsazio” gisa.
Ez hori bakarrik: “Badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei ere”. Ohartarazi dute enpresak proiektu osoak porrot egitearen arduradun egin nahi dituela auzipetuak, “gero kostuak, asmatutakoak ere, haien bizkar botatzeko: bizi osorako zigor ekonomikoa”.
Euskal Herrian eta munduan errepikatzen den egoera salatu dute: “Diru publikoaren kontura aberastea libre da; protesta egitea ilegala”.
Absoluzioa epaitegian, ekintzak kalean
Otsailaren 1ean Iruñeko kaleetan 18.000 mila lagunek eta 140 eragilek auzipetuei elkartasuna adierazi zietela oroitu dute, eta manifestuaren 196 sinatzaileek horrekin bat egiten dutela adierazi. “Herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin da kriminalizatu, horrek, gainera, aurrekari arras kezkagarria sortuko duelako adierazpen askatasun eta eskubide demokratikoei dagokienez. Horregatik guziagatik, manifestu hau sinatzen dugunok ozen eta argiki aldarrikatu nahi dugu: absoluzia Aroztegiakoendako!”.
Epaiketa bitartean ekintzak burutuko dituztela iragarri dute.
ARGIAk zuzenean jarraituko du epaiketa egunez egun
Epaiketa astelehenean hasiko da Iruñean bertan, eta zenbait egunez luzatuko da. ARGIAko kazetari Xabier Letonak epai aretotik bertatik jarraituko du epaiketa egunez egun.