argia.eus
INPRIMATU
Aldığımız Nefes (Arnasten dugun bitartean)
Arnasa ere hartu ezinik
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 22a

Igande goizeko saioan, Aldığımız Nefes (Arnasten dugun bitartean) Turkian eginiko filma ikusteko aukera izan dut. Bertan, Esma (Defne Zeynep Enci) alaba eta aita (Hakan Karsak) sei pertsonako familia aurrera ateratzen saiatzen dira, imajina daitekeen ingururik latzenean. Familian amarik ez dago, zergatia ez badakigu ere; eta aita lau seme-alabekin eta haren ama gaixoarekin bizi da, Turkiako herri batean. Sute gogorrak daude Turkiako gune horretan, airea oso kutsatuta dago, eta horrek seme zaharrena gaixotu du; arnasbideetako arazoak sortu dizkio.

Egoerak larria dirudi, baina uste duzuena baino are larriagoa bihurtuko da, argumentua ez kontatzearren idatziko ez ditudan arrazoiengatik. Oso gogorra da pelikula, gogorregia aukeran. Batzuetan, pelikula batzuetako drama horren da tragikoa, pelikularen beste alderdi asko lausotzera iristen da, eta kalte egiten dio osotasunari. Gainera, neurtzeko zaila den kontua izan ohi da: gidoia aldatu eta goxatu behar da, ala egiari zor zaion guztia kontatu? Seyhmus Altun gidoilari eta zuzendariak guztia kontatzea erabaki du, eta horren ondorio izan da pelikularen tonu apokaliptikoa.

Batez ere, Esmaren egoera ikusi da: neska gaztea izanda ere –umea, egia esanda–, lan egitera behartuta dago. Amarik gabeko familia batean, emakume izateagatik, ikasketetan aritu beharrean, aitari laguntzea egokitu zaio, eta behar baino askoz lehenago heldu izatera behartu dute. Esmaren kasua bereziki da gogorra, familiaren egoera ezin txarragoaren erdian, okerrena berari tokatu baitzaio emakume izateagatik. Esan bezala, tragedia gehiegizkoa iruditu bazait ere, pelikula osteko hitzaldian zuzendariak esan du suteak arazo larria izan ohi direla Turkian, eta gertakari asko bere familian jazotakoak direla. Hortaz, ematen du kontatutakoa, egotez, ez dagoela errealitatetik oso urrun.

Eta, hor dago sua, beti. Egoera ekonomiko kaskarraz gain, beti agertzen da sua planoan, sua eta errautsa. Pertsonaiei bizitzak eta arnas aparatuak buxatu dizkien errauts hori iritsi da publikoarengana. Haiek bezala egon gara, itota, arnasa ere hartu ezinik.